Serie geometrikoak eta akuarelak (1920–22)

202 aretoa

1917tik 1920ra bitartean, Hilma af Klintek obrak trantsizio-aldi bat igaro zuen. Garai hartan, Rudolf Steinerren teorietara hurbildu zen, eta, azkenean, Dornachera ere joan zen, Elkarte Antroposofikoaren egoitzara. Artista 1920an sartu zen elkarte horretan, ama hil eta gutxira, urteak eman ondoren hura zaintzen.

II saila (1920) izeneko margolan-multzoan, Af Klintek erlijioen arteko harremanen inguruan jardun zuen lanean. Multzo horretako koadroek kolore biziagoak dituzte, eta han-hemen ageri diren zirkuluak eta gurutzeak irudi geometriko gero eta handiagoekin gurutzatzen dira. Erregelaz eta konpasez marraztuta dauden irudi diagramatiko horien bidez, Af Klintek ikusezina ikusarazi nahian jarraitu zuen lanean, naturako indar ezkutuen eta horiek har ditzaketen formen arteko erlazioak ezarriz.

Steinerrek agindutako ariketen eraginez —Steinerrek uste zuen mundu naturala xehetasunez begiesteak hango kolore adierazkorrak atzematea ez ezik, eremu espirituala esperimentatzea ere ahalbidetuko zuela—, 1922an Af Klintek errotik aldatu zuen bere ikuspegi artistikoa. Biraketa hori agerikoa da Lore eta zuhaitzen behaketaz lanean: forma botanikoak irudikatuz naturaren dinamika ikusezina agerraraztea xede duen akuarela-multzo bat da hori. Artistak “bustiaren gaineko bustia” urmargo-teknika erabili zuen orduan, papera uretan bustitako belaki batekin prestatu eta akuarela gainean isuriz, aske, margoek berek sor zezaten irudi-gaia.