PINTURAK
203 ARETOA
Giacomettiren pinturan erretratuak dira nagusi, eta artistaren inguruko pertsonak ardatz: Diego anaia, Annette emaztea, azken maitale izan zuen Caroline eta lagun intelektual batzuk. Posatzerakoan, modeloek lan-saio luzeak egin behar izaten zituzten, eta geldi-geldi egon behar izaten zuten Giacomettik erabateko antzekotasuna aurkitu nahian zebilen bitartean.
1957tik aurrera, kolore- eta pintzelkada-geruzak metatuta margotu zituen erretratuak, obra ia-ia eskultorikoak iradokitzeraino. Artistak, ordea, oraindik uste zuen ez zutela behar bezala irudikatzen errealitatea. “Nire pinturak errealitatearen kopia lortu gabeak dira. Eta konturatzen naiz, nire lanean, nik egiten dudanaren eta irudikatu nahi dudan buruaren arteko distantzia berdina dela beti”. Frustrazio horren ondorioz, modu obsesiboan murgildu zen lanean; batzuetan, obrak suntsitzen zituen; eta beste batzuetan, berriz, berregin. Honela deskribatu zuen prozesua haren lagun eta poeta Jacques Dupin-ek: “[aurpegia] Nirea da, baina baita beste norbaitena ere, urrunetik, sakonuneetatik ateratzen dena eta atzera egiten duena, hura atzematen saiatzen garen orduko. Modeloen gaineko analisi nekaezinak ezagunetik daukan guztia kentzen dio azken batean, ezezaguna dena agerian uzteko, sakonuneek askatzen duten alde ezezagun hori, hain zuzen”.
Oro har, Giacomettiren erretratuek lasaitasun beldurgarria islatzen dute, hondo lurkara eta grisekin; itxura bukatu gabea dute. Marra bertikalek eta horizontalek zeharkatzen dituzte hondoak, obrak markoztatzeko, eta kaiolen lerro eskultorikoak iradokitzen dituzte, konfinamendua. Honela zioen Giacomettik: “Bat-batean sentipen bat izan nuen, alegia, gertaera guztiak aldi berean existitzen zirela nire inguruan. Denbora horizontala eta zirkularra bihurtzen zen, espazioa zen aldi berean, eta ni hura marrazten ahalegintzen nintzen”.