ESKULTURA TXIKIAK ETA MARRAZKIAK

202 ARETOA

1938 eta 1944 artean, Giacomettiren eskulturak gero eta txikiagoak bihurtu ziren, eta ikuslearen eta irudikatutako modeloen arteko distantzia handitu egin zen. Gerra-garaian, Giacometti Suitzara joan zen, eta bertan denbora asko eman zuen Silvio ilobarekin. Historia irakatsi zion haren figura behin eta berriro zizelkatzen zuen bitartean, estudio bihurtutako hoteleko logela batean. Espazio horretan eskulturak sortu zituen, hala nola Busto txikia idulki bikoitzaren gainean (1940–1941), baita beste irudi batzuk ere, esaterako, Silvio zutik, eskuak poltsikoetan (1943). Urte asko igarota, Silviok gogora ekarri zuen nolakoa zen osabarentzat posatzeko prozesua (batzuetan 15 minutuz; eta beste batzuetan, berriz, ordubetez). Egun batean figura bat egiten zuen, eta hurrengoan, figura hori bera hartu eta gehienez zortzi edo hamar zentimetrora murrizten zuen tamaina bikoitza izandako pieza hori.

Hala, zuzenean dakigu nola baztertzen edo murrizten zituen obrak Giacomettik, haiek forma txikiagoetan sintetizatuta. Honela azaltzen du artistak bere bilakaera: “Bizitik abiatuta, eskultura txiki-txikiak egiten nituen: hiru zentimetrokoak. Nahi gabe egiten nuen hori. Ez nuen ulertzen. Handi hasi eta txiki-txiki bukatzen nuen. Gauza txiki-txikiak soilik iruditzen zitzaizkidan [modeloaren] antzekoak. Gero ulertu nuen: pertsonak ezin dira beren osotasunean ikusi harik eta urrundu eta txiki-txiki bihurtzen diren arte”.

Areto honetan, 1960ko hamarkadaren hasieran tintaz paper gainean egindako buruen zirriborroak daude. Marrazki horien bitartez, Giacomettiren praktika estimatu dezakegu; aurpegia modu obsesiboan lantzeko zuen joera, begiradaren ehiza etengabean, bizi-txinparta norbanako bakoitzaren begietan. Harentzat, begirada, horrek ikuslearen espazioan sartzeko izan dezakeen modua, erabakigarria da.

Marrazketa teknika surrealista edo abstraktuekin esperimentatu ostean, artista baliabide tradizionalago batera itzuli zen, eta horretan jardun zen hil zen artean: bizitik egindako pinturan, hain zuzen. Egunero egiten zituen zirriborro konpultsiboak irudikapenean egia bilatzeko ariketak ziren.