Rol berriak, eredu berriak
206 aretoa
Gizonaren eta emakumearen rolak interpretatzeko era berriak lotura estua du Lehen Mundu Gerrarekin eta haren ondorioekin. Gizonek frontean borrokan zihardutenez, emakumeek, bai lanaren bai familiaren eremuetan, askatasun berriak berenganatu zituzten, nolabaiteko autonomia. Europako hainbat herrialdetan, 1918tik aurrera pixkanaka sartzen joan zen emakumezkoen sufragioa izan zen horren adierazle sinbolikoena. Aldaketa hori argi eta garbi aurki daiteke garaiko modan. Gizonak bizarra kentzen hasi ziren, eta ilea gominaz finkatzen; onddo-kapelak ordezkatu zuen kapela luzea, eta traje informalagoak eta gorbata dotoreak ordezkatu zuten lebita zurruna. Emakumeen artean arrakasta izugarri handia izan zuen ile motzak, baita belaunera arteko soinekoak ere, gerririk gabeak, eta pose dotoreetan erretzen zuten noizean behingo zigarroak. Europa osoan zehar, eleberriek eta argitalpen zientifikoek zalantzan jarri zituzten sexu-ohitura konbentzionalak, eta tabuak haustsi zituzten “perbertsio” jakin batzuen inguruan. Parisen, 1922an, Victor Margueritteren La Garçonne (“Mari-mutila”) bestsellerra argitaratu zen, eta Kees van Dongenen ilustrazioak gehitu zizkioten 1925ean; urte berean, Berlinen, Alexandra Kollontairen Wege der Liebe (“Maitasunaren bideak”) argitaratu zen. Kollontairen iritziz, pasioa eta maitasuna “emakume moderno eta langilearen” bizitzako fase bakar batzuetako ezaugarria ziren, eta emakume bat ama izan zitekeen ezkonduta egon gabe. Hamarkada horretan, lanbide berriak sortu ziren, hala nola idazkariarena, eta auzitan jarri zen ohiko lanpostuen definizioa.