ZER ETORKIZUN DUGU ZAIN?

5. mailako 23 ikasle, Amor Misericordioso Ikastetxea, Bilbo

5. mailako 23 ikasle, Amor Misericordioso Ikastetxea, Bilbo

Artista: Nerea Lekuona
Irakaslea: Laura Zabala, Aitor Uriarte eta Lara Hernandez

Proiektu hau artearen bidez jasangarritasunari laguntzeko aukerak aztertzeko helburuarekin abiatu zen. Ikasleek hausnartu zuten zer egin zezaketen beren egunerokoan modu positiboan lankidetzan aritzeko. Horrela, egungo beharrak asetzeko baliabideak kudeatzeko moduari buruz eztabaidatu zuten, etorkizunekoak arriskuan jarri gabe, natura eta ingurumena agortezinak ez direla onartuta. Gai horri buruz duten iritzia artearen bidez nola sortu eta adierazi ere landu zuten.

Artista batzuek beren ideiak nola komunikatzen dituzten ikusi ondoren, ikasleek hainbat margolanen interpretazio pertsonala egin zuten. Oihalezko trapu batzuk berrerabili zituzten — maindire zaharren ebakinak —, pintzelak garbitzeko eta pieza kolektibo handi bat osatu zuten, materialari bigarren bizitza edo hirugarren bizitza bat ematen ziona.

Nerea Lekuona artistak bere bidaietan sortzen duen zabor guztia gordetzen duen bere lanetako bat erakutsi zien. Ikasleek berek gorde eta aztertu zituzten egunero sortzen zituzten hondakinak eta argazkiak atera zituzten. Prozesuan, matematika erabili zuten denbora-tarte desberdinetan kantitateen kalkuluak egiteko. Letrekin egindako collageetan planetaren zaintzaren aldeko oharrak egin zituzten, iraunkortasunaren aldeko mezu positiboak jakinarazteko.

Azkenik, adimen artifizialak sortutako irudiak aztertu zituzten eta benetakoak ez direnak bereizten saiatu ziren. Tresna horien erabilerari buruz eztabaidatu zuten eta beren buruari galdetu zioten: nola erabil dezakegu IA sorkuntza artistikoan? Nola sor ditzakegu planetaren zaintzaren premiaz kontzientziatzen lagunduko diguten irudiak? Jasangarritasunari buruzko irudi irreal zirraragarriak ere sortu zituzten, parte-hartzaileek idatzitako testuan oinarrituta.