Pintura onirikoak eta paisaiak
1921ean, Miró Parisko lehen estudioan jarri zenean, Blomet kaleko 45. zenbakian, André Masson margolariaren bizilaguna izan zen. Poeta askorekin ere izan zuen harremana garai hartan, hala nola Antonin Artaud, Raymond Roussel, Robert Desnos, Michel Leiris edo René Char-ekin, eta erakargarri zitzaizkion haien berrikuntza formalak, baita logikarekiko, topikoekiko eta tradizioarekiko zuten errefusak ere; automatismoarekiko, zatiketaren estetikarekiko, ustekabeko eta loturarik gabeko irudien batasun arbitrarioarekiko edo testu poetikoen konfigurazio bisual eta tipografikoarekiko (kaligramen kasuan, esaterako) zeukaten interesak ere erakartzen zuen. Miróren 1920ko hamarkadaren erdialdeko koadroek, “pintura onirikoak” izenekoek, suntsitu egiten dute edozein narrazio-egitura logiko. Nolanahi ere, nahiz eta gainazaletan sakabanatutako elementu apurrek inprobisazioaren emaitza diruditen, haren zirriborroek frogatzen dute prestatu egiten zituela konposizioak.
1926 eta 1927 artean, Mirók tokiz eta estiloz aldatu zuen, eta Tourlaque kalean finkatu zen. Han lan egin zuen 1929 arte, eta Jean Arp, René Magritte eta Max Ernst artistekin izan zuen harremana. Parisen eman zuen denboran Katalunian igarotzen zituen udak. Garai hartako obren artean, formatu handiko paisaia horizontal batzuk nabarmentzen dira, nola diren Paisaia (Oilardun paisaia) eta Paisaia (Erbia), biak 1927koak. Mirók ezagutzeko moduko elementu batzuk margotu zituen berriro ere lan haietan, baina estilizatuta irudikatu zituen, espacio zabalak iradokitzen dituzten kolore biziko hondoen gainean, eta metodo piktoriko tradizionalak baztertuz; esaterako, itzala, bolumenaren eraikuntza edo perspektiba. Hondo zuriko margolan txikiz osatutako sail bat margotu zuen 1927an, tartean Pintura (Eguzkia) edo Pintura (Izarra); lan haietan hondoa pintura-espazio hutsa da, eta haren baitan flotatzen dute ezagutzeko moduko astro- eta animalia-forma estilizatuek, errealitate berri baten ikur gisa.