New York, Spanish Harlem
“Maite zaitut, Harlem, zure bizitza, zure emakume haurdunak, bankuetatik at dituzun diru-laguntzak; betebetea Saks 5th Avenue dendan soinekorik aurkituko ez luketen emakumez, hortzik gabeak, neke-neke eginak, ahulduak, beso beltz txikiak dituztela lepotik helduta, gonei estu-estu oratuta, borrokaren kezka eta nekea aurpegian. Hori altxorra, onberatasunarena eta bizitzarena, kaleetan barrena gainbehera, abandonatuta, gutxietsita, zama guztia gainean daramatela, ordainetan txarrena jasota. Maite zaitut Marcantonio aukeratu izanagatik, eta hura ere maite dut den hori izateagatik. Eta zure gizatasun jori eta sakonagatik, zure suhiltzailekamioien, zure pobreziaren eta zure grinen azpian lurperatua dagoen horregatik”
Alice Neel, argitaratu gabeko oharrak, Neel Archives
Neel 1927an iritsi zen lehen aldiz New Yorkera, baina ez zuen behin betiko bizileku izan 1931 amaierara arte. Bronxen bizi izan zen lehenik eta Greenwich Villagera lekualdatu zen gero, hiriko politika progresistaren epizentrora; eta ondoren, 1938an, Spanish Harlemen jarri zen bizitzen eta 1962ra arte bizi izan zen auzo hartan. Hantxe hasi zen bertako jendearen aniztasuna eta borroka erretratatzen, baita inguruan zuen bizitzaren testigantza etengabea ematen ere. Bere lanean auzokideen arima atzeman zuen artistak; haietako batzuk gizarte egoera zaurgarrian zeuden immigranteak ziren, ordura arte oso kasu bakanetan agertuak subjektu artistiko moduan. Neelek interes berezia erakutsi zuen auzoko umeekiko, eta haien barne-bizitza konplexua irudikatzen saiatu zen.