MUNDUKO HIZKUNTZAK
Leioako Txomin Aresti ikastetxeko 5. mailako 19 ikasle
Irakaslea: Patricia Márquez
Artista: Zaloa Ipiña
Arloa: Euskara
Lotura duten arloak: Ingelesa, Gaztelania eta Historia
Hizkuntza: euskara
Ikastetxe honetarako proposamena hizkuntzari artearen ikuspegitik begiratzea izan zen, munduko hizkuntzen aniztasuna eta bertoko euskalkien aberastasuna aztertuta. Beraz, hizkuntzaren, herri-kulturaren, geografiaren eta artearen arteko hartu-emanak arakatu zituzten neska-mutilek. Proposamen artistikoen helburuetako bat ikasleak iniziatiba hartzera eta sortzeari ekitera bultzatzea izan da, saio- eta akats-ariketen bidez irudimena eta autonomia sustatuta.
Kirmen Uribe poetaren euskarazko testu bat haren gaztelaniazko, portugesezko eta ingelesezko itzulpenekin alderatu zuten ikasleek eta, hala, hizkuntza bakoitzaren berezitasunak identifikatu zituzten. Olerkitik ateratako hainbat letra marraztean, umeak konturatu ziren hizkuntza bakoitzak hizki eta ikur espezifikoak dituela eta letra batzuk ez direla maila berean agertzen hizkuntza guztietan.
Amalurra esnatzen inauteriari eta haren jatorriari buruzko arte-ariketa bat izan da: neguaren ondoren lurra ernetzen hasten den unearen ospakizuna. Ikasleek haziak eta erraboilak landatu zituzten loreontzietan, eta objektu birziklatuekin egindako musika-tresnak joz jardun zuten “lurra esnatzen”. Joko performatibo hori bideoz grabatuta dago, eta denboraren joanari eta herri kulturari buruzko istorio bat kontatzen da bertan.