Materialak eta metodoak
307 aretoa
Areto honetan hautaketa heterogeneo bat aurkezten da, obra abstraktuena funtsean. Asmamen edo sormen handiko metodoak eta materialak gehitzen dituzten obrak dira eta sortu izan diren aldiak berrogeita hamar urte baino gehiago hartzen ditu. Teknika garrantzizko estrategia bat da artista hauentzat. Izan ere, berebiziko zeregina izan zuten lantzen dituzten baliabideak susperrarazteko orduan, ikuspegi berritzaileen bitartez edo pinturaren gainazalean ezohiko elementuak gehituta; besteren artean, egunkariko papera, liburuak, zeramika, arbela edo klera. Piezek gonbidatu egiten dute behatzailea artistek beren ikuspegietan eta prozesuetan hartzen dituzten erabaki jakin batzuen garrantziaz jabetzera, sorkuntzarako aukera desberdinetara ezinbestean bideratzen dituzten erabakiak baitira.
Areto honetako egile askok pinturaren ezaugarri fisikoekin esperimentatu zuten, sakontasuna, dentsitatea, testura, eskala eta kolorea aztertzen jardunez. Espainiako Neoespresionismoaren adierazgarririk gailenetakoa den Miquel Barceló bere bi obrarekin ageri da hemen ordezkatua, zeinak ezin hobeto hezurmamitzen baitute zoruan margotutako bere mihiseek bereizgarri duten materia-geruza lodien pilaketa. Barcelók ezohiko elementuak erabiltzen ditu, besteak beste, itsas algak, errauts bolkanikoa, janaria edo zigarro-mutxikinak, eta testura jorizko gainazal zeharo konplexuak osatzen ditu horrela. Prudencio Irazabalen Titulurik gabea 767. zk. (1996) argitsua ere pinturaren arloan egindako esperimentazioaren ondorengo beste adibide bat dugu. Pieza hau egikaritzeko, polimero likidoa, oso urtua, erabili du artistak, eta gela gehitu dio loditzeko eta, ondoren, pigmentu likido kantitate txikiak gehitu dizkio, zeharrargitasunmaila desberdinetako hainbat kolore-geruza sortzeko helburuz. Pintzelkadaren arrastoak mihisearen gaineko gainazal baten eraikuntza-prozesu artistikoaren gogoragarri bisualak dira.