Marrazki espiritualak, Bostak taldea (1896–1908)
205 aretoa
Bere garaiko askok bezala, Hilma af Klintek uste zuen munduaren ikuspegi espirituala eta zientifikoa ez zirela antagonikoak, elkarren osagarriak baizik, eta biek ala biek helburu zutela egia goren bat erdiestea eta indar hautemanezinak erakustea. Artistak mundu ukiezinarekiko zuen interesak espiritismo-saioetan parte hartzera bultzatu zuen laster; saio horiek ohikoak ziren garai hartan, nahiz erlijio ofizialek gogor gaitzetsiak izan.
1896an, Af Klintek eta beste lau emakumek (Anna Cassel, Cornelia Cederberg, Sigrid Hedman, Mathilda Nilsson) Bostak taldea sortu zuten, eta erregulartasunez elkartzen ziren gidari espiritualekin komunikatzeko. Hedman, liderra izanik, trantzean sartzen zen espirituen mezua bideratzeko, eta gainerakoek marrazketa eta idazketa automatikoaren bidez interpretatzen zituzten mundu espiritualaren mezuak. Af Klint bezala, Cassel eta Cederberg ere artista trebatuak ziren eta, une batean edo bestean, guztiek jorratu zuten marrazketa automatikoa eskua libre utzi eta ikasitako marrazkigintza tradizionalari uko eginda.