HUTSAREN ANBIGUOTASUNA

206 ARETOA

Globalizazioa Espazioko lasterketa normalizatzen zen heinean hedatu zen. 1970eko hamarkadaren erdialdetik 1990ko hamarkadan aro digitala hasi arte, abstrakzioaren zilegitasuna zalantzan jartzen zuten proposamen artistikoak bost kontinenteetan ugaritu ziren. Zaila da jakiten forma baten inguruan hitz egiteak ote dakarren hura inguratzen duen eta existitzeko aukera ematen dion hutsaren inguruan mintzatzea; zaila da jakiten zeru-sabaia ez ote den azalera beltz bat, esmalte zurizko zipriztinekin. Hemen hautatutako lanek ibilbide sigi-sagatsua proposatzen dute, espazioaren oinarrizko anbiguotasunean zehar.

Denbora-tarte hartako artista batzuek abstrakzioaren tradizio plastikoari ekin zioten berriro haien hastapenetan, edozein formulaziotan: konstruktibista, neokonkretua, minismalista; halere, ez zuten onartu haien praktika korronte edo mugimendu zehatzei lotuz hura etiketatzerik. Waltercio Caldas, Mary Corse, Robert Gober edo Prudencio Irazabalen lanetan, materia plastikoak topaketak sorrarazten ditu ispilatzearen mugan; artean, Vija Celmins-en lanak zeruaren edo ozeanoaren azalerak ikertzen ditu, perspektibaren eta eskalaren ezabatzea bilatu nahian. Celminsen koadroaren eta General Idea arte kolektiboaren Arbela lanaren arteko topaketak figurazioaren eta readymadearen arteko muga nabarmentzen du. Bestalde, hemen aurki ditzakegun Isa Genzken eta Zarina-ren piezetan, agerikoa zaigu maketaren eta zatiaren arteko tentsioa, aurkitutakoaren eta eraikitakoaren artekoa. Susana Solanoren kasuan, “muino huts” baten ideiak barrualdeari lotutako motiboak —ganga edo sotoa, esaterako— lotzen ditu kanpoaldearekin lotutako motiboekin —bailara edo alderantzikatutako mendi batekin, adibidez—.