KOLOREAK, GORPUTZAK ETA DISTANTZIAK
Urnietako Egape ikastetxeko 4. mailako 17 ikasle
Irakaslea: Nerea Arruti
Artista: Maider López
Arloa: Matematika
Lotura duen gaia: Geometria
Hizkuntza: euskara
Programan zehar galdera hauei erantzuten saiatu gara: Zer forma eta lerro ditugu inguruan? Non daude angeluak? Zer gertatzen da puntuak batzen baditugu? Eta gure gorputzekin batzen baditugu? Ikasleek geometria esperimentatu zuten —Matematikako curriculumaren atal bat— lehenik plastikaren bidez eta, ondoren, gorputzarekin. Proiektuari esker gehiago jabetu ahal izan ziren gorputzaz eta espazioaz, eta beren gorputzak hobeto ulertu ahal izan zituzten besteenekin eta ingurunearekin hartu-emanean; gainera, abstrakzioa ere landu zuten. Dinamikek ekintza bera hainbat eratara egitera bultzatu zituzten eta, ondorioz, askotariko artelanak sortu zituzten, baita gaia ikuspegi ezberdinetatik esploratu ere.
Hala, geometriari buruzko ezagutzak finkatu zituzten eta gaian sakondu zuten artearen bidez. Beren ingurura begira, angeluak aurkitu eta zintekin markatu zituzten. Mugimendua eta harremana eskatzen zuten hainbat jolas eta ekintza planteatu ziren gorputzarekin egiteko. Jolastokian barrena banatuta, espazio osoa hartu zuten, pertsonen arteko bideak sortu zituzten kartulina erabilita eta espazioak neurtu zituzten gorputzak tresna gisa hartuta.
Azkenik, mural handiak margotu zituzten kolore hotz eta beroekin: egiaztatu ahal izan zuten tonu hotzez margotutako motiboek urrunago daudela ematen dutela, eta tonu beroak erabilita egindakoek, berriz, hurbilago daudela. Desberdintasun hori berdintzeko saiakera batean, koloretako panelak eremuan zehar mugitu zituzten, gerturatuz eta urrunduz. Muralak lekualdatuz “mugimendudun koloreak” sortu zituzten.