Jateko moduko artea
5. eta 6. mailako 10 ikasle, Escolapios Calasanz ikastetxea, Vitoria-Gasteiz
5. eta 6. mailako 10 ikasle, Escolapios Calasanz ikastetxea, Vitoria-Gasteiz
Hizkuntza: euskara
Artista: Nerea Lekuona
Irakaslea: Natxo Oyanguren
Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako ikasletalde txiki honek esperientzian oinarritutako ikasketa ardatz duen programa pilotu batean parte hartu du. Artea ikasbide ekimenean landu dugun gai nagusia elikadura izan da: gai zabala, berez, eta artearen munduan hamaika erreferentzia dituena.
Ildo horretan, janariak eta arteak historian zehar izan duten harremana aztertu dugu eta, antzinatik gaur arte, adierazpen artistikoetan janariak zer-nolako presentzia izan duen ikusi dugu. Ikasleek hainbat kontu aztertu dituzte: oturuntza handiak —oparotasunaren eta estatus sozialaren sinbolo— nola irudikatzen ziren pintura klasikoan; xx. mendean surrealismoaren mugimenduaren baitan sortutako obretan elikagaiak txertatu izana; zenbait artista garaikidek janaria beren lanaren funtsezko osagai gisa baliatzea eskulturak edo instalazio iragankorrak sortzeko; eta abar.
Koloreak eta haren nahasteek nola jarduten duten ikasi dute haurrek. Horretarako, sasoiko frutak eta barazkiak behatu dituzte, kolore primarioekin esperimentatu dute naturaren margo-sorta anitza erreproduzitzeko; hala, konturatu dira banana bat, adibidez, ez dela guztiz horia: arretaz begiratuz gero, kolore ugari biltzen dituela ikusiko dugu. Paisaiak ere sortu dituzte deskonposizio-prozesuan dauden elikagaiei mikroskopioaren laguntzaz ateratako argazkietatik abiatuta. Gainera, azukrerik gabeko galletak egin dituzte; letraforma eman diete eta animazioak sortu dituzte haiekin; gisa horretara, bizia eta mugimendua eman dizkiote material artistiko bihurtutako janariari. Erretratu efimero originalak ere egin dituzte azukrea, kafea, gatza, fruta eta barazkiak erabiliz.
Bestalde, elikagai prozesatuak aztertu dituzte, eta konturatu dira haietako ugarik azukre eta gatz asko dutela. Argizko kartel bat zintzilikatu dute eskolan hainbat hilabetez, produktu batzuek, esaterako gasdun edariek, zenbat azukre duten erakusteko xedez. Gainera, ontziak birdiseinatu dituzte produktu horietako askoren azukre-ehunekoa argi eta garbi erakusteko. Esperientziak aukera eman die elikadura ona, osasungarria eta askotarikoa izateak duen garrantzia ulertzeko, baita elikagai batzuk mozorrotzeko erabiltzen dituzten merkataritza- eta publizitate-estrategiez jabetzeko ere. Arteak, beraz, egunero jaten dugunaren bestelako ikuspegi bat erakusteko edo agerian uzteko balio izan du.