Hementxe daukat behar dudan guztia

“Susmoa dut kokapenak berak ez duela axola. Izugarri gustatzen zait ikustea badirela landa-eremuetan bete-betean eta zoriontsu bizi diren pertsonak, bizi diren lekuaz harro daudenak edota bertara itzultzen direnak badutelako etxe bat zain: halakoak ikustea lagungarri zait bizitzak egiazki duen alde onaz ohartzeko”.

Yoshitomo Nara

 
Nara Koloniara joan zen bizitzera 1994an, eta ordurako bere lana banakako eta taldeko erakusketa ugaritan egona zen ikusgai Europa osoan. 1995ean egin zuen lehen erakustaldia AEBn. Bere lanen salmentari esker bizimodua atera zezakeenez, buru-belarri aritu ahal izan zuen arte-sorkuntzan. 2000. urtean, ordea, Alemanian hamabi urtez bizi ostean eta Koloniako estudioa eraistera zihoazela, atzerriko egonaldia bukatutzat eman eta Japoniara itzultzea erabaki zuen.

29 urte zituela atzean utzi zuen sorterriko segurtasuna bestelako bizitza baten eta “benetakotasunaren” bila abiatzeko. Tokiora bueltatzerakoan, bere esperientzietan eta kanpoan emandako denboran ikasitako guztiari buruz hausnartu zuen, eta bere lengoaia artistiko bereziaren garapenean aplikatu zuen ezagutza hura. Zuntzez indartutako plastikoa (FRP) erabiltzen jarraitu zuen —material horrekin lanean ziharduen 1990eko hamarkadaren erdialdeaz geroztik, pintura eta eskultura uztartuz—, eta Europako arte eta teknika tradizionaletara jo zuen. Nararen plater-formako lan borobilek Errenazimentuko tondoak gogorarazten dituzte; izan ere, sinplifikatutako hondodun pieza horiek protagonistengan jartzen dute arreta. Antzinako konposizio haien ingurune zehaztugabeek liluraturik zuten artista, garai nahiz leku ezagunetatik askatzen baitituzte pertsonaiak.

2001eko abuztuan Narak ordura arte izandako erakusketarik handiena inauguratu zuten Yokohamako Arte Museoan, eta artistak parte-hartze handia izan zuen haren prestaketa-lanetan. Japoniako museo batean eskaini zioten banakako lehen erakustaldia izan zen, eta handik beste bost egoitzatara eraman zuten herrialdean bertan, tartean Nararen jaioterri Hirosakiko Yoshii Brick Brew House delakora. Nara laster bihurtu zen bere herrialdeko artistarik nabarmenenetako eta ezagunenetako bat, eta japoniar tradizioekiko eta komunitateekiko harremana berreskuratu ahal izan zuen.

2011ko martxoaren 11n Japoniak hainbat hondamendi jasan zituen bata bestearen atzetik: Ekialdeko Japonian gertatutako lurrikara handia, hark eragindako tsunamia eta Fukushima Daiichi zentral nuklearreko istripua; Japonian “3.11” izenez da ezaguna. Ezbeharra gertatu eta berehalakoan, Nararen arte-ekoizpena geldotu egin zen —artistak lotura sendoa du Japoniako ipar-ekialdeko eskualdearekin, bertan hazi baitzen—, gertakari haiek eragindako oinazearen, galeraren eta suntsiketaren neurria asimilatzeko gai izan zen arte. Nara ohartu zen birplanteatu egin behar zuela artista gisa zeukan eginkizuna, eta Tohoku eskualdera jotzea erabaki zuen, hau da, lurrikarak gehien kaltetutako lurraldera. Tailer bat eman zuen Fukushimako ebakuazio-zentro batean: inprobisatutako argazki-estudio bat antolatu zuen guztia galdu zutenentzako oroitzapen berriak sortzeko.