Mundua kometa batetik begiratuta

Artista: Naia del Castillo
Teknika: Pintura, argazkilaritza eta arte-ekintza
Ikastetxea: José Orbegozo Gorostidi ikastetxea
Ikasturtea: 2011–12
Arloak eta loturiko gaiak: Ingurunearen Ezaguera
Irakasleak: Lourdes Quintana eta Iñigo Zubeldia

Helburua:

Ikasleei euren gertuko ingurunetik kanpoko esperientziak bizitzeko aukera eman, beste mundu batzuk imajina dezaten, eta gaitasun artistikoetan konfiantza hartu.

Materialak:

Biltzeko papera, tenperak, pintzelak, argizarizko pinturak, argazki-kamera, inprimagailua, guraizeak, zetazko papera, paper begetala, soka, brotxeta moduko txotxak eta kometa-txirrikak.

Proiektua:

  1. Munduko paisaien argazkiek eta La gran final pelikulak erabil ditzakezue leku urrunetako inguruneak eta bizimoduak ezagutzeko, esate baterako, Amazoniakoak edo Mongoliakoak.
  2. Ikasleei kometa batean hegan dabiltzala imajinatzea proposatu; ikuspegi horretatik behatuko lituzketen paisaiak tenperaz paper gainean margotu behar dituzte.
  3. Gainera, aurpegiko pinturarekin, paisaiaren zati bat margotuko diote ikasleek, batak besteari, aurpegian.
  4. Pintatutako paisaiaren aurrean jarri behar dira; kamuflatu egingo dira, paisaiarekin “bat egin”.
  5. Ikasle bakoitzari argazki bana atera bere artelana atzean duela.
  6. Argazkia 30 x 30 cm-ko paper begetalean inprimatu.
  7. Inprimatutakoa lau makilatxoren gainean muntatu kometa fabrikatzeko.
  8. Haria edo soka gehitu eta txirrikari lotu.
  9. Kometak airean askatu, kalean. Ekintza honen argazkiak atera, nahi izatekotan.