Ezin izan nion sekula ihes egin Alemaniari, ez alemaniarra izateari ere
1965/66 urteetan, Georg Baselitzek 60 margolan eta 130 marrazki egin zituen, gutxi gorabehera; artearen historian Heroien margolanak edo Tipo berriak izenez ezagutzen da lan-multzo hori. Irudi itzel baina nabarmenki distortsionatu horiek erakusten dituzten obrek aparteko tentsioa daukate: bortizkeria eta malenkoniaren artekoa, handitasun eta asalduraren artekoa. Gizon bakartiak dira, suntsituta daudelako itxura duten paisaien baitan. Zaurituta edo zaurgarri ageri dira, uniforme hondatuak soinean eta modu errepikakorrean agertzen diren objektuak inguruan; azken horien artean, margolariari dagozkion tresnak edo tortura-erramintak aurki ditzakegu. Irudikapen horietan, Baselitzek gizartearen baitan norbanako gisa zuen papera esploratu zuen, bai eta margolari moduan izandako garapena ere; modu horretan, bere esperientzia pertsonala eta izandako bizipen artistiko eta literarioak lotzen zituen.
Lurjota eta malenkoniatsu agertzen zaizkigun Heroiak edo Tipoak 27 urte zituela egin zituen Baselitzek, eta lan horiekin modu kontzientean egin zion desafio edozein sailkapen politiko edo artistikori, garai hartako sistema sozial, politiko edo artistikoekin batzeari uko eginez. Gerra Hotzean zehar, konnotazio dogmatiko edo ideologikoak zituen edozein estilorekin lotu zezaten gaitzetsi zuen, hala nola, “nazioarteko” abstrakzioarekin edo errealismo “sozialistarekin”. Funtsean eszeptikoa zen jarrerarekin, agerian jarri zituen bere garaiaren eta oraindik prozesatzeke zegoen iraganaren alderdi anbibalenteak. Artistak alegiazko errealitate bat irudikatzen zuen barne-beharretik sortzen zen jarrera bati jarraiki, eta Alemaniako mirari ekonomikoaren testuinguruan deserosoa suertatzen zen hori.
Remix margolan berriagoetan, Baselitz bere historiako alderdirik probokatzaileenetara itzultzen da —Gaualdi handia zapuztu zen edo Adiskide handiak lanetara, adibidez—, eta horien bertsio berriak edo interpretazioak egiten ditu, denboraren joateak ematen duen ikuspegiarekin. Handiagoak dira, eta aise eta azkar margotuta daude; mihise zuria zeharkatzen duten zerrenda distiratsu eta garden handiak dituzte, bai eta lerro oldarkor eta sigi-sagatsuak ere. Remix margolanak ilun eta itzaliagoak ziren aurrekarien eraldaketa erradikalak dira, karikaturaren eta mamu-itxurako zerbaiten erdibidean. Era berean, obra horiek gauzatzeko erabilitako bat-batekotasunak iraganeko, orainaldiko eta etorkizuneko gaien presentzia iradokitzen du, apika. Lan horiek hobetu, argitu eta gaurkotzeko artistak egindako ahalegina agerikoa den arren, Remix margolanen mamu-itxurako ezaugarri iragankorrak beste zerbait ere uzten du agerian: artista baten nagusiaroko hausnarketak, denboraren, presentziaren, porrotaren eta aukeraren inguruan.
Gaur egun oraindik ere, hautematen da Georg Baselitzek betiereko hizkuntza formal bat aurkitu duela bere jarrera adierazi eta ezegonkortasunak markatutako garaian bere burua berresteko.
Frankfurteko Städel Museum-ek antolatu du erakusketa Guggenheim Bilbao Museoarekin lankidetzan