GELAK I-VI

Ingelesez, cell hitzak, besteren artean, honako adierak ditu: “preso bat giltzaperatzeko gela edo ziega zein fraide edo moja bat lo egiten duen gela” (gela euskaraz) eta “izaki bizidunen unitate estruktural eta funtzionala; bizitzat jo ohi den unitate txikiena” (hots, zelula). Hortaz, isolamendurako gune txiki bat izan daiteke zein osotasun baten zati txiki bat. Bi adiera horiek dituzte Bourgeoisen Gelak lanek. Museo-panoramen, eszenografiaren eta instalazioaren arteko erdibidean kokatzen dira, eta oroimena, emozioak, oinazea, larritasuna eta, bereziki, baztertua izatearen beldurra jorratzen dituzte.

Bourgeoisek Artikulatutako gordelekua (Articulated Lair, 1986, 205. aretoan ikusgai) jo zuen lehen Gelatzat, baina 1991 arte ez zuen hitz hori izenburu batean erabili; urte horretan Gelak I–VI aurkeztu zituen Carnegie International erakusketan. Lan horiek egiteko arkitektura-zatiak, hala nola, ateak, leihoak eta metalezko saretak, erabili zituen, haren estudiotik —antzina ehungintza lantegi bat zen— edota eraitsitako eraikinetatik ateratakoak. Gelak I–VI lanek isilpekoan, voyeurismoan eta oinaze fisiko eta psikologikoan sakontzen dute.