Gabarra

206. aretoa

Robert Rauschenberg eta Cy Twombly artistak XX. mendearen bigarren erdiko giro artistikoan eragin handiena izan zuten bi egile nabarmen izan ziren. Ipar Karolinako Black Mountain College-n trebatu ziren biak, eta 1950eko hamarkada erdialdean haien berezko hizkuntza bisuala sortzea lortu zuten. Espresionismo Abstraktuaren berezko keinu heroikoekin kontrastatuz, Cy Twomblyren marra kaligrafikoak, sarritan zuriz margotutako gainazalen gainean beltzez egindakoak, grafitiekin parekatu dira maiz. Itxuraz abstraktua dirudien hizkuntza horrek kultur eduki sakona ere izan dezake, izan ere, Twomblyk literatura klasikoaren eta mitologiaren erreferentzia zuzenak txertatzen ditu bere artelanean. Robert Rauschenberg, bestalde, Pop Artearen aitzindaritzat jo daiteke, bere Combine artelanetan (“uztarketa”; pinturaren eta eskulturaren artekoa) kalean aurkitutako eguneroko objektuak eta aldizkari zein egunkarietatik hartutako irudiak jaso zituen eta. Edonola ere, Rauschenbergen artelanek artistaren berezko keinuak islatzen dituzte, eta ezaugarri horrek Pop Artearen estetika hotz, emozio gabeko eta inpertsonaletik desberdintzen du. Erakusketako lanak artisten bi lan ikoniko, eta handinahiak, dira. Rauschenbergek Gabarra (1962–63) 24 ordutan burutu zuen eta 1960ko hamarkadan hasitako margolan serigrafiatu eta dinamikoen arteko onenetako bat da. Komodori buruzko bederatzi gogoeta (1963) obra, Aurelio Komodo enperadorearen gobernu penagarriari buruzkoa da (K.o. 177 eta 192 urte bitartean egon zen agintean). Multzo bateratua osatzen duen pintura segida honek, irudi abstraktuak erabiliz, kontakizun indartsua eta zirraragarria iradokitzen du.