AIRLOCK

Erakusketaren ataria da hau, denbora-kapsula formarekin, eta teknologiak eta mendebaldeko zibilizazioak jasandako hainbat funtsezko eraldaketa aurkezten ditu data jakin bat ardatz gisa baliatuta: 1997. urtea. Guggenheim Bilbao Museoak ateak zabaldu zituen urtea, arkitekturaren historiako inflexio-puntua ez ezik, sortze-bidean zeuden paradigmak eta diziplina arteko mutazioak iragartzen zituen prisma gisa: bizitza postdigitaletik hasi, esoterismo-forma berrietatik igaro eta postgizatiarra denera eta beste antropologia batzuen bilakaerara heldu arte.

Airlock guneak irudikatu egiten du Guggenheim Bilbao Museoa garatzen eta ikono global bihurtzen ikusi zuen testuinguru teknologiko eta kulturala. Espazio honetan diagrama bat nagusitzen da, 1997. urtea kultura, teknologia zein politika aldetik definitu zuten zeinu, argazki, liburu eta objektu anitzekin. Sarrera-gune honetan, publikoaren esperientzia osatzen duten hainbat elementu aurkituko ditugu, halaber: urte hartako albisteen hainbat bideo-zati, garaiko musika, Bilboren erabateko aldaketa erakusten duten argazkiak, baita Frank O. Gehryk diseinatutako eta haren kolaboratzaile ausartek gauzatutako Guggenheim Bilbao Museoaren exekuzio-proiektuaren inguruko dokumentazio zabala ere.