Abstrakzioa sinbolismo sakratu gisa

Espiritismoa modan jarri zen 1850eko hamarkadatik aurrera eta sarbide funtsezkoa izan zen abstrakziora iristeko; XIX. mendeko emakumeak aitzindariak izan ziren alor horretan, nahiz eta ez zuten kontzeptualizatu. Georgiana Houghton, Hilma af Klint eta beste hainbestek sortu zuten estreinakoz abstrakzio-molde bat, “sinbolismo sakratua” zeritzona, zeinetan figurazioari eusten baitzitzaion oraindik. Espiritismoa eremu bikaina zen “emakume artistek” abstrakziorako bidea egin zezaten, jarduera sozial onartua zelako eta, orobat, haren postulatu filosofikoengatik. Teosofiak, izan ere, berdintasunez tratatzen zituen maskulinitatea eta feminitatea; teoria hori 1875ean sortu zen New Yorken, Helena Blavatsky filosofo errusiar ospetsuaren eskutik —autore horrek Isis belorik gabe liburua idatzi zuen—. Vasily Kandisky-k, Espiritualtasuna artean (1912) liburuaren egile eta abstrakzio “puruaren” —mundu errealetik guztiz urrundua— aitatzat jotzen denak, interes handia erakutsi zuen teosofiarekiko. Nolanahi ere, ikuspegi espiritistak ez zuen oihartzun handirik izan testuinguru hartan, historiografia modernoak arbuiatu egiten baitzuen zientzia ezkutuekiko erreferentzia oro. Alfred Barr izan zen New Yorkeko MoMA museoko lehen zuzendaria, baita Cubism and Abstract Art (1936) erakusketa famatuaren komisarioa ere; erakusketa horretan finkatu zen kanon modernoa, eta obra tipografikoen, antzezlanen eta filmen bidez baino ez zituen aurkeztu emakumeak.