202 Aretoak
Lawrence Alloway kritikari eta komisarioaren arabera, 1960ko hamarkadako pop mugimenduko sortzaileek inspirazio-iturritzat hartu zuten kultura herrikoia, hau da, “hiriaren komunikazio-sarea eta ingurune fisikoa”. Dinamika horiei heltzeko izan zuten moduari eta sortutako artelanei halako ironia kutsu bat darie, pop artistak dadaismoaren historian ere oinarritu baitziren beren praktika anitz eta askotarikoak aurrera eramateko. Pop arteak bezala, dadaismoak ere asmo satirikoz baliatu zituen eguneroko objektu eta jarduerak, kritika soziala eta estetikoa egiteko tresna gisa.
AEBko Pop artearen aitzindari izan zen Robert Rauschenberg artistak objektu aurkituak txertatzen zituen bere ensanblaje eta margolanetan —batez ere erraz eskuratzeko moduko materialak, esaterako, kartoia, plastikoa eta txatarra—, baita eguneroko irudiak ere, transferentzia-teknika edo serigrafia-prozesu komertzialak erabilita adieraziak. 1960ko hamarkadaren hasieran, berriz, Jim Dine eta Claes Oldenburg bezalako artistak biltzen zituen sortzaile-talde batek performancearen eremura eraman zituen espresionismo abstraktuaren pinturak berezko zituen keinua eta subjektibotasuna, happening deitutako ekintzen bidez eraman ere. Dantza, arte plastikoa, musika eta poesia elkartzen zituzten ekitaldi haietan edozer sar zitekeen, izan gezurrezko afariak eta zeremonia bitxiak, izan objektu zentzugabeak eskaintzen zituzten erakusleiho faltsuak, dena masa-kontsumoan murgildutako gizartea kritikatzeko tresna gisa. Geroago, Oldenburgek dimentsio handiko eskulturak eta proiektuak sortu zituen 1977az geroztik emazte izan zuen Coosje van Bruggen artistarekin elkarlanean (solairu honetako beste areto batean dugu haien adibide bat). Britainia Handitik eta AEBtik kanpo ere, zenbait artistak —nola diren Sigmar Polke Alemanian, Mimmo Rotella Italian, Niki de Saint Phalle Frantzian edo Miguel Ángel Cárdenas Kolonbian— Poparekin lotutako estiloa jorratu zuten; beste herrialde batzuetan errealismo kapitalista edo Nouveau Réalisme izena hartu zuen estilo hark zalantzan jartzen zituen konbentzionalismo estetikoak, besteak beste “goi-mailako artetzat” hartzen denaren ustezko originaltasuna.
Sortzaile garaikide batzuek, tartean Jose Dávilak eta Lucia Hierrok, kontsumoaren kultura kritikatzen duten lanen bidez zabaldu dute Pop artearen ondarea, beren jatorria aditzera ematen duten erreferentzia mexikar eta dominikarrak estrategikoki txertatuta. Dávilaren lanak aipamen egiten die Donald Judd artista minimalistaren eskultura pilatuei, baita Rauschenbergek eta Warholek beren lanetan erabilitako kartoizko kutxa eta bilgarri komertzialei ere, artelanak kontsumitzen diren moduari buruzko eztabaida aztoratzailea piztea helburu. Hierrok, aldiz, direna baino askoz handiago irudikatzen ditu Latinoamerikako merkatuetan aurkitu ohi diren salgaiak. Horrela, goratu egiten du objektu arrunten kategoria, eta identitate kulturalarekin, kapitalismoarekin eta klasearekin lotutako gaiak planteatzen ditu.