ZER ETA NOLA

ZER

MATERIALAK BERRERABILTZEA: jakina denez, margoak, pintzelak eta mihiseak erabiltzeaz gain —plastikaren tradizioari lotu ohi zaizkion tresnak denak ere—, gaur egungo artea askotariko bitartekoak, lanabesak eta baliabide teknikoak gehituz joan da mugarik ez duen sormenari bide emateko. Egia esan, artista batek bere obra sortzeko erabiltzen duen edozein elementu edo materia sar liteke kategoria horretan; erakusketa honetako piezetan topatzen ditugunetako asko hasiera batean ez ziren artearen arloan erabiltzen; aitzitik, egileak izan dira xede bat eman dietenak. Askotan, gainera, hondakin-elementuetara jo izan dute sorkuntza-lanean berrerabiltzeko. Erakusketa hau osatzen duten lanak egiteko erabilitako objektu zein material heterogeneoen artean daude LEDak, harriak, kautxua, plastikozko potoak, kartoia, alanbrea, soka, globoak, zerrautsa, aparra, likidoak, sare metalikoa, alabastroa, egurra, baxera apurtuen zatiak, klera, arbela, errautsa, irina eta arroza.

NOLA

INSPIRAZIOA estimulu bat da, ideiak garatzera bultzatu eta sortze-ekintzara mugitzen gaituena. Artean kontaezinak dira inspiratzeko dauden moduak; hemen erakusketako zenbait obrarekin zerikusia duten lau prozesu erakusten dizkizugu, artelanak elkarrengandik bereizten eta lotzen dituzten ezaugarriak adierazteko aukera ematen digun eredu didaktiko bati jarraituta. Inspirazio-prozesuok ondokoak dira: asoziazioa, suposizioak, sail-lana estrategia gisa, eta esperimentazioa. Fitxa didaktikoetan horien ezaugarri garrantzitsuenak ageri dira, eta, kasu bakoitzaren arabera, erreferentzia egiten diete materialei, efektuei, bitartekoei eta eragiten dituzten ekintzei, edo beren sortze-prozesua ondoen definitzen duen elementuari, beti ere beren testuinguru artistikoan arreta jarrita. Informazio hori kutxetan erakusgai dauden materialekin lotu ahal izango duzu. Prozesu horiek gogoan izatera animatzen zaitugu aretoetako obrak behatzen ari zaren bitartean, haiek balioesteko eta haietaz gozatzeko modu berriak aurkituko baitituzu horrela.