XIX. mendearen erdialdetik amaierara, espiritismoak —hildakoekiko komunikazioa lor zitekeela zioen sinesmenak— ospe handia hartu zuen Europan eta AEBn. Garai hartan, aurkikuntza zientifikoek ordura arte ezezagunak izandako indarrak azalera atera ahala eta teknologia berriek urruneko komunikazioa ahalbidetu ahala, biztanleriaren parte handi batek posible ikusten zuen hildakoekiko kontaktua izatea.
Af Klint 1879an hasi zen espiritismo-saioetan parte hartzen, nerabetan. 1880an ahizpa hil zitzaiolarik, interes are biziagoa sortu zitzaion jarduera harekiko. Bere bizitzaren parte handi batean jarraitu zuen saioetan parte hartzen. Are gehiago, 1890eko hamarkadatik aurrera maila goreneko espirituekin harremana izaten hasi zen, medium bihurturik.
XIX. mendearen bigarren erdian espiritualtasun molde berriak ere sortu ziren. 1875ean, Helena Blavatsky (1831–1891) okultista eta mediumak Elkarte Teosofikoa sortu zuen, beste zenbait kiderekin batera. Izaera esoterikoko mugimendu espiritual berri bat zen teosofia, New Yorken sortua. Teosofiak bere egin zituen europar filosofien zenbait alderdi —hala nola neoplatonismoarenak—, zein ekialdeko erlijioenak ere —budismoarenak eta hinduismoarenak adibidez—. Mugimendu teosofikoaren arabera, “gizabanakoa ‘mikrokosmos’ bat da, unibertso txiki bat, ‘makrokosmoseko’ unibertso zabalaren izugarrizko antza duena”.
1904an, Af Klintek bat egin zuen Suediako Elkarte Teosofikoen Federazioarekin. Laster piztu zitzaion Rudolf Steinerren (1861–1925) doktrinekiko interes bizia. Alemaniako Elkarte Teosofikoaren aitzindaria izan zen Steiner, baina, gerora, elkarte hartatik irten eta Antroposofia sortu zuen, giza alderdian oinarrituagoa eta fede kristauari lotuagoa. Af Klint 1920an sartu zen Elkarte Antroposofikoan. Hain zuzen ere, teosofiak eta, aurrerago, antroposofiak taxutu zuten, hein handi batean, suediar margolariaren sinesmen espiritualen sistema berezia, haren ekoizpen artistikoaren parte handi baten oinarri.
Jakintzaren zuhaitza, W saila (Kunskapens träd, Serie W), 1 zk., 1913
Akuarela, gouachea, grafitoa eta tinta paper gainean
45,7 x 29,5 cm
Eskaintza: The Hilma af Klint Foundation, Stockholm, HaK 133
©The Hilma af Klint Foundation, Bilbao 2024