Georges Seurat (Paris, 1859–1891) bere margolan puntillista koloretsuengatik da ezaguna batez ere, baina haren obraren bereizgarri den argiaren tratamendu berritzailea Parisen egin zituen zuri-beltzeko marrazki goiztiarretan ere antzeman daiteke.
Seuratek berak sortutako pintura-metodoa —kromoluminarismo edo dibisionismo deitua— margotu beharreko gainazala kolore biziko margo-tantoz betetzean datza, tonu osagarriak elkarren ondoan ipinita, ikuslearen erretinak berak uztar ditzan koloreak. Seuratek hainbat autoreren teoriak baliatu zituen —Charles Blanc, Michel-Eugène Chevreul eta Ogden Roodenak, besteak beste—, bai bere metodoa garatzeko, bai, marrazketaren bidez, argien eta itzalen efektua sistematikoki aztertzeko.
Seurat hain zen zorrotza bere ikerketetan, ezen haren garaikideek —Paul Signacek adibidez— “notarioa” esaten baitzioten. Op Art-aren ordezkari den Bridget Riley artista garaikideak ere, pintore dibisionistaren obraren zale sutsua izaki, “araketa artatsu” gisa deskribatu zuen Seuratek zeukan begiratzeko modua.
EHUNDURA ETA KEINUA
Georges Seuratek erabili zituen tresnen ezaugarriak ulertzeak haren obra hobeto interpretatzen laguntzen du. Seuratek Conté barra eta Michallet papera erabiltzen zituen bere marrazkiak egiteko; bi materialen ezaugarriak konbinatzean, irudiaren eta hondoaren arteko fusio moduko bat gertatzen da.
Michallet
Michallet papera paper berjuratu mota bat zen —kalitate handikoa, lerro bertikal eta horizontalen bilbaduratik sortutako ehundura berezia zuena—, eta eskuz egiten zen, orriz orri. Artisau-prozesu horren bidez, orea uretan disolbatzen zen, tina baten barruan, eta, ondoren, molde angeluzuzen (forma) baten gainean bahetzen zen. Moldeak metalezko hagaxka mehe batzuk zituen oinarrian, elkarren artean alanbrez lotuak, eta horiek sortzen zuten patroi berjuratu hori orrian. Papergile bakoitza identifikatzeko ur-marka delakoa hari metaliko batekin josten zen hagatxo horietan. Orea feltroetan edo artilezko oihaletan jarri ondoren, prentsatu egiten zen soberako ura kentzeko, eta lehortzen uzten ziren orriak.
Michallet papera tamaina bakarrekoa izaten zen (63 x 48 cm). Seuratek lau zatitan banatzen zuen orri bakoitza, eta era horretan bilbea nabarmentzea lortzen zuen, paperaren tamaina txikiaren aldean proportzio handiagoa hartzen zuenez gero. Contéa aplikatzean, gainazalaren ehundurak zatikatu egiten zuen marra, eta dardara bisuala eragiten. Papera lau zatitan banatzerakoan, paper-marken filigrana zati bakar batean geratzen zen.
Conté
Conté arkatzak —Nicolas-Jacques Conték patentatua 1795ean— grafito prentsatua eta argizari edo buztinezko oinarria uztartzen ditu, eta, bere sendotasunari esker, beltz garbiagoak ematen ditu ikatz-ziriak baino. Lapitz edo barra itxuran ekoizten da, eta Seuratek biak erabiltzen zituen. Egin nahi zuen keinuaren arabera, bat ala beste aukeratzen zuen gainazala lantzeko eta, hartara, dentsitate ezberdinak lortzen zituen. Mina indar handiagoz sakatuz, eremu ilunak sortzen zituen; eremu argidunak taxutzeko, aldiz, paperean ukigabe utzitako zatiak baliatzen zituen.