SAIL-LANA ESTRATEGIA GISA

Artista batzuek beren obra sail moduan jorratzea aukeratzen dute, lana osatzeari berari gailentzen zaizkion prozesu edo parametro sistematikoei jarraituta. Artean, sail gisa landutako pieza jakin batzuk unitate estandar baten errepikapenean oinarritzen dira, Erlea Maneros Zabalaren kobrezko plantxak, adibidez; beste batzuek, berriz, gai berari buruzko bariazioak eskaintzen dituzte, esaterako, Antonio Sauraren pinturek. Azken horrek, hain zuzen, hamarkadak eman zituen hainbat gairen inguruan hausnartzen, nola diren jende-pilaketak eta gurutziltzaketak. Alex Katz sail-lanaz baliatzen da, hainbat elementu errepikatuz, besteak beste, enkoadraketa, edo irudiaren eta hondoaren tratamendua; hala, gonbidapena luzatzen dio ikusleari, irudikatutako motibo espezifikoetan baino, horietan islatzen den esperimentazio piktorikoan jartzeko arreta.

Alex Katz

Alex Katz

Irribarreak [1994]

MATERIALAK: olio-pintura liho gainean.
EFEKTUAK: errepresentazioaren izaerari eta irudien pertzepzioari buruzko hausnarketa sakona.
INSPIRAZIO-ITURRIA: artistaren gertuko zirkulua (emaztea, lagunak…). Zinemaren, publizitatearen eta modaren elementuak ere gehitzen zaizkio.
EKINTZAK: gainazala lautzea, hondo monokromoa erabiltzea, enkoadraketa, keinu eta tratamendu bera errepikatzea.
TESTUINGURU ARTISTIKOA: Bere ia sei hamarkadako ibilbidean zehar agertu izan diren mugimenduetatik aldenduta egon da Alex Katz, besteak beste, Espresionismo Abstraktutik, Minimalismotik eta Neoespresionismotik. Erretratua da bere pintura gehienetako gai nagusia, bereziki bere emaztearena, eta lauak eta bareak izan ohi dira bere lanak.

Antonio Saura

24 buru | Antonio Saura | Guggenheim Bilbao Museoa

24 buru [1957]

MATERIALAK: olio-pintura mihise gainean eta baliabide anitzak paper gainean.
EFEKTUAK: pintatzearen ekintza bera funtsezkoa da, ustekabekoa eta bortitza.
INSPIRAZIO-ITURRIA: Diego Velázquez eta Francisco de Goya artisten obrak, besteren artean. Espainiako gaiak eta bere fantasma pertsonalak, besteak beste, erotismoa, emakume-gorputza, iragana eta heriotza.
EKINTZAK: artearen historiako obren berrinterpretazio emozionala, grisen eskalara murriztutako kolore-paleta erabiliz egina.
TESTUINGURU ARTISTIKOA: Art Informel, pintura lantzerako orduan espontaneotasuna eta keinua dituena nagusi; lanak nabarmenki abstraktuak eta kutsu existentzialistadunak izaten dira.

Erlea Maneros Zabala

Erlea Maneros

Euskal grafia; tipografia eta apaingintza: 1961–1967 [2013]

MATERIALAK: kobrezko 39 grabatu-plantxa.
EFEKTUAK: alderantziz, eraldatuta eta sailetan landutako irudiak.
INSPIRAZIO-ITURRIA: euskal kultura eta historia, haren irudikapenetako batzuk bereganatuta; irudi politikoen eta historikoen erabilera.
EKINTZAK: hedabideek historia interpretatzeko duten moduan sakontzea.
TESTUINGURU ARTISTIKOA: Neokontzeptualismoa, modernitatearen amaiera adierazi eta haren legatua kritikatzen duena. Erlea Maneros Zabalarentzat, lurraldearen, artxiboaren eta memoriaren nozioak ohiko tresna dira begirada kritikoz behatzeko gaur egun diskurtsoak nola eraikitzen diren. Horrez gain, artistak irudien produkzio- eta banaketa-prozesuak arakatzen ditu, autoretzaren eta autentikotasunaren nozioak zalantzan jartzeko helburuz.