Pinturan espazioa irudikatzeko moduaren inguruan egin zituen ikerketa goiztiarren ondoren, Lygia Clarkek Zomorroak (Bichos) izeneko sail berritzailea sortu zuen 60ko hamarkadan. Objektu geometrikoak ziren, artikulatuak; bandaz lotutako metalezko planoekin eginda zeuden, eta ikusleek eskuztatu egin zitzaketen nahi adina forma emateko. Clarken Zomorroek eskultura nazional onenaren saria irabazi zuten 1961eko São Pauloko Bienalean.
Clarkek ikuslea artelanean txertatzeko egindako proposamen erradikal hori bere sortze-prozesuaren funtsezko elementu bihurtu zen, eta horrek benetako aitzindari bihurtu zuen Brasilgo arte-eszenan. Aurrerantzean objektu artistikoak objektu izateari utziko zion, eta bitartekari bihurtuko zen, esperientzia eta sentsazioen igorle. Hala, ikusleek edo museoetako bisitariek esku artean hartu eta zuzenean hauteman zezaketen haren energia.