Didaktika proiektuaren baitan, Museoak hezkuntza-jarduerak eta -eremuak diseinatzen ditu, erakusketen osagarri gisa, eta jarduera eta eremu horiek tresna ugari eskaintzen dituzte, bai erakusketa-aretoetan, bai online, jendeak hobeto uler ditzan artistak eta haien lanak.
Max Reinhardt zinema- eta antzerki-zuzendari austriarrak (1873–1943) ordu arteko dramaturgia tradizionalaren oinarriak irauli zituen: ikusleengan inpaktu emozionala sortzea bilatu zuen, zenbait elementu nabarmenduz, hala nola dekoratuak, musika edo antzezleen aurpegiko adierazkortasuna.
Reinhardten lanek formatu aldetik ezberdintasun ageriak zituzten: batzuk aktore gutxiko eta ia ikuslerik gabeko antzezlan txiki eta intimoak izan ziren; beste batzuk, berriz, estra asko eta soinu-banda harrigarriak zituzten ekoizpen handiak. Adierazkortasun horrek talka egiten zuen antzerki tradizionalagoko naturaltasunarekin. Bete-betean jarri zuen praktikan adierazkortasun hori, aurrena haren antzerki-konpainian (aktoreentzako hezkuntza-erreferente bilakatu zena) eta ondoren bere filmografian. 1920an, Richard Strauss eta Hugo von Hofmannsthalekin batera, Salzsburgoko Festibala sortu zuen, gaurdaino arte eszenikoen zaleek galdu ezin duten zita. 1920tik 1932ra Berlingo Grosse Spielhaus eta Schall und Rauch aldizkariaren koeditore ere izan zen. Hala ere, 1933an Europatik alde egin behar izan zuen, nazismoak jazarri baitzuen judua zelako, eta New Yorken finkatu zen.
Bertolt Brecht (1898–1956) aro modernoko beste funtsezko dramaturgo eta idazleetako bat izan zen. Burgesiaren kontrako antzerkiaren alde egin zuen, epikoa edo dialektikoa, ikuslea pentsatzen jarriko zuena, uste irmoa zuelako gogoeta horiek mundua aldatzen lagundu zezaketela. 1924an, Reinhardtentzat ibili zen lanean dramaturgo gisa Deutsches Theaterrean, eta urte batzuk beranduago hango zuzendari lanetan ere ibili zen. Brecht antzerki didaktikoaren aitatzat jotzen dute, eta kapitalismoari kritika egiten lehenengoetarikoa izan zen. Ezagutzen al duzu Der Bilbao Song (“Bilboko abestia”), Brechtek 1929an idatzi eta Kurt Weillek musikatua?
GARAIKO ESPAINIAKO ANTZERKIA
1929an, Federico García Lorca (1898–1936) poeta eta antzerkigileak New York deskubritu zuen. Esperientzia hori bere idazkietara eraman zuen, baita handik urte batzuetara Eduardo Ugarterekin batera zuzendu zuen La Barraca antzerki-konpainia unibertsitarioaren emankizunetara ere. Margarita Xirgu (1888–1969) handiak —garaiko espainiar eszenako antzerki-zuzendaria eta aktorea— Lorcaren hainbat sorkuntza-lan eszenaratu zituen. Granadako poeta Espainiako literaturgintza eta antzerkigintzako erreferente izan zen XX. mendeko lehen hamarkadetan, bere talentuagatik eta iritzi kritikoengatik, hain zuzen. Arlo horretan, aurrekari izan zituen Ramón María del Valle-Inclán (1866–1936), Miguel Unamuno (1864–1936) eta, ondoren, Ramón Gómez de la Serna (1888–1963), besteak beste. Askatasunaren sinbolo eta antifaxista aitortua zen Lorca, eta 1936an fusilatu zuten Granadan, Espainiako Gerra Zibilaren hasieran. Beste intelektual askok patu berbera izan zuten.
Adolf Loosek diseinatutako Café Capua kafetegiaren barrualdea. Viena. Argazkia: L Magno, 1913. Getty Images Archive.