Didaktika proiektuaren baitan, Museoak hezkuntza-guneak, eduki digitalak eta jarduera bereziak diseinatzen ditu erakusketen osagarri, artelanak hobeto ulertzen laguntzeko tresnak eta baliabideak eskaintzeko xedez.
Martha Jungwirthi buruzko Didaktika honek austriar sortzailearen keinuzko mundu kromatikoan barneratuko gaitu. Museoko Didaktika gunean, artistak bere lanean erabiltzen dituen zenbait material —pintzelak, olio-pinturak eta koloreak nahasteko ontziak— jarri ditugu ikusgai bitrina batean, haren sortze prozesua ulertzeko lagungarri izan daitezkeelakoan.
Beste atal batean, artistak maisu handien lanean (nola diren Frans Hals, Francisco de Goya edo Édouard Manet) oinarrituta egin dituen margolan-sailik berrienetako batzuk aztertuko ditugu. Jungwirthen obra batzuen pintzelkada eta paleta aztertuz gero, agerian geratzen da pieza horiek antzekotasunak dituztela maisu haien obrekin, keinu piktorikoan eta erabilitako koloreetan, adibidez.