Gerra Hotzaren lehenengo urteetan, mundu osoan gatazkak piztea eta komunismoa hedatzea ziren AEBren ardura nagusiak. Mesfidantza giro horrek McCarthysmoa ekarri zuen —1947–1957 bitartean karguan egon zen Joseph McCarthy senatari errepublikarraren izenenetik eratorritako terminoa da—: komunismoaren edo ezker alderdiko politiken aldekoak zirenak jazarri zituzten AEBn, “sorgin ehiza” bortitza izan zen. Espresionista abstraktu gazteen aurkakok egin zuten kanpaina, margolarien arte abstraktua AEBko gizartearen irudia zikintzeko sobietarren tresna bat zela uste baitzuten.
Nolanahi ere, AEBko elite intelektualaren zati handi batek uste zuen Espresionismo Abstraktuaren bidez totalitarismoen kultura gainditzen zela, artistaren askatasuna baitzuen oinarri. Beraz, Inteligentzia Agentzia Zentralak (ingelesez, Central Inteligence Agency edo CIA) espresionista abstraktuak babestu zituen, artistek eurek jakin gabe, eta haien artea sobietarren aurkako propaganda onena bihurtu zuten. New Yorken bertan, Nelson Rockefeller buru zuen Museum of Modern Art kausa horren aldeko erraminta bat izan zen: estatubatuar artista gazteen artea bultzatu zuten lan ugari eskuratuz eta mundu osotik bidaiatu zuen erakusketa-egitarau bat antolatuz. Erakustaldi horien artean aipatzekoak dira Twelve Modern American Painters and Sculptors (1953) eta The New American Painting (1958); biak izan ziren Europako hiri handietan 1958 eta 1959 artean, AEBko bizimodua hedatzeko.
Historialari batzuen arabera, agentziak Kultur Askatasunerako Kongresu delako erakundea diruz lagundu zuen isilpean. AEBk bultzatutako egitasmo horrek 35 herrialdetan izan zituen egoitzak eta kultur ekimenak antolatzen zituen, hala nola, hitzaldiak, erakusketak, kontzertuak eta abar; hogei aldizkari entzutetsu baino gehiago ere argitaratu zituen, adibidez, Encounter (Erresuma Batua), Preuve (Frantzia), Tempo Presente (Italia), Cuadernos eta Mundo Nuevo (Latinoamerika), Quadrant (Australia) eta Jiyu (Japonia).
19 komunista garrantzitsuz osatutako talde bateko hainbat kideren atxiloketa, 1951ko ekaina
Argazkia: AFP. Getty Images