Hirugarren solairua
Didaktika proiektuaren barruan, Museoak hezkuntza-espazioak diseinatzeaz gain, erakusketak osatzen dituzten jarduerak antolatzen ditu, aretoetan nahiz online eran tresnak eta baliabideak eskainiz, erakusten diren obrak errazago hautemateko eta ulertzeko.
Museoak bere 25. Urteurrena eta Bilduma ospatzeko erabiltzen duen Sekzioak/Intersekzioak erakusketako Didaktika proiektua online ingurunean nahiz presentzialki garatzen da, Hormek hitz egingo balute... izenburupean.
Hori bat dator Historia markatuz izeneko erakusketarekin; bertan, XX. mendearen erdi aldetik aurrera egindako obra ikonikoak biltzen dira, Museoaren barruko espazioen diseinu orijinala berreskuratuta. Eraikina eraikitzeko izandako izpiritu berritzaile berak —konplexutasuna, materialak eta puntako teknologia— definitzen ditu sekzio honetan jorratzen diren lanak. Horiek egiteko, teknika eta euskarri harrigarriak erabili zituzten artistek, eta horren adibide dira Sol LeWitt-en (1928–2007) pieza kontzeptuala, 831. Horma-marrazkia; Jeff Koons-en (1955) serieko akabera bikaineko eskulturak, Ospakizuna; El Anatsuiren (1944) obrak, apurtutako materialekin egindakoak; edo Jenny Holzer-en (1950) lana, errealitate areagotua erabiltzen duena.