1972ko udan, John Cage musikariak eta Zaj taldeak Iruñeko Topaketetan topo egin zuten. Nazioarteko arte-jaialdi hartan, 350 sortzaile baino gehiago bildu ziren, hainbat diziplinatakoak: besteak beste, arte elektronikoa, performancea, bideoartea, poesia, pintura, eskultura, zinema eta musika esperimentala. Espainiako taldearen proposamen urratzaile eta aldarrikatzaileekin txundituta, Zaj taldearen kontzertu-bira bat antolatu zuen Cagek 1973an AEBn eta Kanadan. Bira hartan, besteak beste, Merce Cunningham koreografo eta dantzari estatubatuarraren estudiora joan ziren artistak. 1978an, John Cage-n trena. Galdutako isiltasunaren bila (El tren de John Cage. A la búsqueda del silencio perdido) happening edo ekintza artistiko kolektiboan parte hartzera gonbidatu zituen. Hiru egun iraun zituen, eta egunero Boloniatik (Italia) toki desberdin batera joaten zen tren baten barruan egin zen. Ferrerren taldekideak proiektuaren soinuaz arduratu ziren bitartean, artistak bagoiaren espazioa eraldatu zuen, altzarietako puntu desberdinei hariak lotuta. Hari horiek ez zieten pasatzen uzten bidaiariei, eta, horrela, bidaiariak ere parte-hartzaile bihurtzen ziren. Cagekiko laguntasunak eta haren sortze-ideiek Ferrerren arte- eta soinu-unibertsoa irauli zituzten. Cageri esker, Ferrerrek ulertu zuen mundu honetako edozein zarata zela musika, baita isiltasuna ere.
Esther Ferrer
Denboraren haria (happening kolektiboko ekintza: "John Cage-n trena. Galdutako isiltasunaren bila", Boloniako trenbide-sareko trenak, 1978ko ekainak 26–28) [El hilo del tiempo (acción en el happening colectivo «El tren de John Cage. A la búsqueda del silencio perdido», trenes de la red ferroviaria de Bolonia, 26–28 de junio de 1978)]
Zilar-gelatinazko inprimaketa paper gainean
Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía
© Esther Ferrer, VEGAP, Bilbo, 2018
Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía Argazki Artxiboa, Madril