ERRITMO BERRIKO DANTZA BERRIAK
ERRITMO BERRIKO DANTZA BERRIAK

Didaktika proiektuaren baitan, Museoak hezkuntza-jarduerak eta -eremuak diseinatzen ditu, erakusketen osagarri gisa, eta jarduera eta eremu horiek tresna ugari eskaintzen dituzte, bai erakusketa-aretoetan, bai online, jendeak hobeto uler ditzan artistak eta haien lanak.

Gerra-, heriotza- eta miseria-urteen ondoren, jendeak biziaz gozatu nahi zuen, eta galdutako denbora berreskuratu, hala Europan nola Ameriketako Estatu Batuetan. 1920ko hamarkadako urte eroak ziren. Aktoreek, musikariek eta dantzariek, izan emakume edo gizon, hiriz hiri bidaiatzen zuten, eta zirko, klub eta antzoki txikitan aritzen ziren. Kontinentez aldatzean, beren sorterriko erritmoak eta soinuak eraman zituzten aldean. Hala, 1925ean charlestona, foxtrota eta jazza heldu ziren Europara, Josephine Baker (1906–1975) dantzari beltzak ekarrita. Hark erdi-biluzik dantzatzeko orduan zerabiltzan askatasuna eta jarrera lotsagabea bultzagarri izan ziren Europako eszena artistikorako. Gizonek zein emakumeek haren filmak ikusi nahi zituzten, eta antzoki eta kabaret ospetsuenetan haren ekitaldiekin disfrutatzen zuten, adibidez, Parisko Olympian eta Folies Bergèren, edo berak sortu zuen Chez Josephinen. Taula gainean sentsualitatea erakusten zuen, baina bere bizitza pribatuan oso pertsona konprometitua izan zen gizarte- zein politika-arloan: Ameriketako Estatu Batuetan eskubide zibilen aldeko aktibista izan zen eta gizarte modernoan emakumeak bete behar zuen tokia aldarrikatu zuen.
Lehenago, XX. mende hasieran, Loïe Fullerrek (1862–1928) zein Isadora Duncanek (1877–1927), Ameriketako Estatu Batuetatik helduak haiek ere, dantza irauli zuten beren koreografietan argiztapen-efektu harrigarriak sartu zituztenean —aurrerapen teknikoei esker— eta modernotasun estetikoa bilatu zutenean. Izan ere, garai hartan dantzaren baitan garatu ziren esperimentuek hainbat alderdi hartu zituzten kontuan.
Urteak geroago, 1932an, Valeska Gert dantzari alemaniarrak bere kabareta ireki zuen Berlinen. Bertolt Brecht idazlearen iritziz, Valeska Gert dantza satirikoaren sortzailea izan zen. Espainian, Raquel Mellerrek, Reyes Castizok (“La Yankee” goitizena zuena eta Josephine Bakerren bertsio espainiarra zena) edo Edmond de Bries transformistak, besteak beste, zarzuelaren edo kuplearen erritmoan dantzatzen zuten Madrilgo Salón Chanteclerren, Central Kursaalen edo Apolo eta Fuencarral antzokietan. De Briesek Parisen, New Yorken eta Latinoamerikako herrialdeetan egin zituen emanaldiak. Zein emozio piztuko zitzaien dantza horiek ikusten zituztenei?

The Brown Skin Models, 1925. Argazkia: Paul Popper. Getty Images.