ELEKTRIZITATEAREN ESPIRITUA
ELEKTRIZITATEAREN ESPIRITUA

1937ko Arteen eta bizitza modernoari aplikatutako tekniken nazioarteko erakusketaren ardatzetako bat artearen eta teknikaren arteko harremana agerian jartzea izan zen. Compagnie parisienne de distribution d’électricité partzuergoak aginduta, Raoul Dufy artistak Elektrizitatearen eta Argiaren Pabiloiaren barruko dekorazioa egiteko enkargua jaso zuen. Sortu zuen egitasmoak, neurri handi batean, Lukrezio filosofo eta poeta erromatarraren Gauzen izaeraz olerki zaharretik edaten zuen, eta “Elektrizitatearen espirituaren” istorioa kontatzen zuen 600 m2-tan zehar. Dufyk kolore distiratsuz margotutako egurrezko 250 panelekin estali zituen pabiloiko hormak eta, erabilitako teknika berritzaileari eta ikerketa sakonari esker, proiektua urtebete baino gutxiagoan amaitu zuten.

Gaiari dagokionez, obra hori oda bat da, mundu modernoaren garapenerako oinarri-oinarrizkoa izan den elektrizitatea asmatzen lagundu zuten zientzialariei eta jakintsuei egina. Pertsonaiak historian zehar giltzarri izandako zenbait asmakuntzaren ondoan ageri dira irudikatuta: Michael Faradayren indukzio-bobina, Zénobe Grammeren korronte zuzeneko dinamoa, Émile Baudoten telegrafoa nahiz Thomas Edisonen bonbilla goria.

1964an, Électricité de France konpainia publikoak Elektrizitatearen espiritua (1937) izeneko dekorazio monumental hura dohaintzan eman zion MAMen bildumari. Urte hartan bertan eraman zuten museora, eta doikuntza-lan batzuk egin behar izan zizkioten kokaleku berrian instalatzeko.

Raoul Dufy, Elektrizitatearen espiritua (La Fée Électricité), 1937
Parisko Musée d’Art Modernen
Paris Musées / Musée d’Art moderne de Paris
© Pierre Antoine