Didaktika proiektuaren baitan, Museoak hezkuntza-jarduerak eta -eremuak diseinatzen ditu, erakusketen osagarri gisa, eta jarduera eta eremu horiek tresna ugari eskaintzen dituzte, bai erakusketa-aretoetan, bai online, jendeak hobeto uler ditzan artistak eta haien lanak.
Masak harriturik zeuden garapen teknologikoarekin, eta bibaka hartu zuten Charles Lindbergh estatubatuar ingeniaria; izan ere, bera izan zen lehendabiziko pilotua Ozeano Atlantikoa mendebaldetik ekialdera abionetan bakarrik zeharkatzen eta Europan lurreratzen, 1927an. Ekoizpenera bideratutako industria-enpresa handiek, hala nola Ford automobil-konpainiak, milioika ibilgailu (adibidez, T modelo ospetsua) eta hegazkinetarako motorrak produzitzen zituzten. Errealitate hori film handietarako inspirazio-iturri bihurtu zen; horren adibide da Charles Chaplinen Garai modernoak, 1936an kapitalismoaren amaigabeko hazkunde- eta azelerazio idealari trufa egiten ziona.
Horren aurretik, Alemaniako zinema espresionistako bi film mutuk eragin handia izan zuten estreinatu ziren garaian: Caligari doktorearen kabinetea, Robert Wienek 1920an zuzendu zuen beldurrezko filmak, eta Metropolis, Thea von Harbouk idatzi eta Fritz Langek 1927an zuzendu zuen zientzia fikziozko filmak. Biak ere kultuko pelikula bihurtu ziren, irudiaren, musikaren edo dekoratu futuristen erabilera asaldagarriagatik. Badago azken urteotan antzeko inpaktua izan duen pelikularik?
Etengabeko aldaketa etapa horretan, hedabideak ezinbestekoak izan ziren; 1927an, lehen telebista-emanaldi publikoak egin ziren, BBCren eskutik. Vladimir Zworykinek telebista-aparatua asmatu zuen urte horietan. Gizarte-klase desberdinak hurbiltzen zituen telebistak; izan ere, denek programa berak ikusi eta entzuten zituzten, gizartean zuten lekua edozein zela ere. Urte batzuk lehenago, irratiak antzeko efektua izan zuen.
“Eskuratu nazioarteko berriak kablerik gabe”. Azala: Popular Science, azaroa, 1921. Getty Images.