Atzerrian
Atzerrian

1988. Alemaniara abiatu zen. Düsseldorfeko Kunstakademie ikastegian sartzeko azterketa gainditu zuen, eta irailean matrikulatu zen bertan ikasteko.

1990. Ikasle-egoitzan, Narak nazioarteko beste ikasle batzuekin egin zuen topo, eta haien kulturak ezagutu zituen. Bizipen aberasgarri hark gaurdaino izan du eragina Nararengan.

Bertako indie talde batek — The Birdy Num Nums— disko baterako azal-irudia egiteko eskatu zion Narari. Artistak Pandoraren kutxa (Pandora’s Box) margotu zuen, eta huraxe izan zen taldearen Mannaka Over The World diskoaren karatula.

1991. A. R. Penck artista alemaniarraren eskoletara aldatu zen, eta inspirazio-iturri bihurtu zitzaion maisu berria. Penkek iradoki zion “mihise gainean margotzerakoan, marrazten ariko balitz bezala” margotzeko. Bere buruarengana —eta ez beste inorengana— zuzendutako adierazpide bat aurkitu nahirik, Narak Neskatoa labana eskuan (The Girl with the Knife in Her Hand) margolana ondu zuen, eta pieza horrexek zehaztu zuen artistak aurrerantzean izan zuen estiloa.

1998. Emakumez osatutako Shōnen Knife hirukote japoniarreko Naoko Yamanok eskatuta, Narak hainbat marrazki egin zituen taldearen Happy Hour diskorako.

Nararen lehen bakarkako erakusketa inauguratu zuten University of Wisconsin-Milwaukeeko (AEB) Arte Plastikoen Institutuan. Hura izan zen arte-museo batean egin zuen lehen erakusketa monografikoa.

1999. Magazine House argitaletxeak Nararen marrazkiekin apaindutako The Lonesome Puppy (Txakurtxo bakartia) liburu ilustratua argitaratu zuen.

2000. Narak Super Flat erakusketan parte hartu zuen. Takashi Murakami artistaren Superflat (superlaua) kontzeptuan oinarritutako erakusketa hura Japonian eta AEBn barrena ibili zen gero.

Alemanian hamabi urtez bizi izan ondoren, artista Japoniara itzuli zen abuztuan. Nararen 130 marrazki New Yorkeko Museum of Modern Art-en (MoMA) bilduman sartu zituzten.

Düsseldorfeko Arte akademiako estudioan, 1989
© Yoshitomo Nara, eskaintza Yoshitomo Nara Foundation