Didaktika proiektuaren barruan, hezkuntza-espazioak diseinatzen ditu Museoak, eta jarduerak antolatzen ditu gainera, erakusketen osagarri gisa; modu horretan, baliabideak eta erremintak eskaintzen ditu, bai aretoetan bai online, erakusgai dauden obren balorazioa eta ulermena errazteko.
1961eko Esperientzia musikalak lanaren bidez, Jean Dubuffetek zenbait esperimentu egin zituen soinuarekin. Saiakuntza horietan ere, bere obra plastikoan gertatzen zen bezalaxe, artistak erabiltzen zituen material eta tresna zehatzek definitzen zituzten haren sorkuntza-lanak.
“Esperientzia” horietarako, Dubuffetek modu ezohikoan jo ohi zituen musika-tresnak, eta grabaketak manipulatu ere egiten zituen, efektu harrigarriak sortzeko. Lan haietako musikak, berez, ez die erantzuten harmoniaren, melodiaren edo erritmoaren oinarrizko arauei. Dubuffetek tresna garaikideak erabili zituen, baina baita antzinakoak ere; haietako asko atzerrira egindako bidaietatik ekarri zituen, eta batzuk moldatu ere egin zituen, tinbrea aldatzeko. Hitzezko pasarteak ere sartu zituen konposizioetan.
Dubuffetek bakarrik edo Asger Jorn margolari danetararen laguntzarekin landu zituen esperientzia haiek, eta piezetako batzuk edizio mugatuetan argitaratu dira.
Egiten zituen sorkuntza-lan bisualen eta musikalen bidez, ezarritako arau eta kategoria artistikoak urratzea izan zuen beti helburu Dubuffetek. Espiritu berritzailea zuenez, pintura, eskultura, soinua eta mugimendua integratu zituen Kuku Bazarra (Coucou Bazar) performancean. “Margolan animatu handi” bat da, eta 1973an aurkeztu zuten New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-en.
Egin klik esteka honetan Dubuffeten Esperientzia musikalen adibide batez gozatu ahal izateko.
Jean Dubuffet and Asger Jorn during their musical experiences, Paris, 1961
© Archives Fondation Dubuffet, Paris (photo: Jean Weber)