BA AL ZENEKIEN...?
BA AL ZENEKIEN...?

Didaktika proiektuak erakusketetako edukiak osatzeko aukera ematen die bisitariei, hezkuntza-esparruen eta jarduera berezien bitartez.

Espazio honek munduko bideoartistarik nabarmenenetakoa den Bill Violari buruzko informazioa ematen du. Berrogei urtetik gorako ibilbidea izan du artistak, eta egun, bere obrak hainbat galeriatan daude erakusgarri. Violak funtsezko papera bete du ikus-entzunezko teknologiek arte-adierazpenerako bitarteko gisa izan duten sorrera, bilakaera eta posizionamenduan. Bere karrera definitzen duten oinarrizko aspektuak jasotzen dituen ikuspegi zabal bat dugu hemen: Violak artista gisa emandako lehen pausuak aztertzen ditu, Sirakusako Unibertsitatean (New York) bideoaren aukerak ezagutu ondoren; halaber, irudiekin eta musikarekin egindako esperimentazioa ere lantzen du; azkenik, Egunerantz aurrera eginez (Going Forth By Day, 2002) lan garrantzitsuaren garapenari ere erreparatzen dio, eta lan horretarako osatutako Liburuko orrialde eta irudiek erakusten dutenaren arabera azaltzen du obra.

Hastapenak bideoan

Bill Violak lau urteko ikaskuntza eta esperimentazioa bizi izan zituen New Yorkeko Sirakusako Unibertsitateko Arte Bisual eta Eszenikoen Fakultatean (1969─1973). Bertan deskubritu zituen bideo-ekipo eramangarrien azken berrikuntzak, eta Jack Nelson irakasleak bere ikuspuntu pertsonala garatu zezan adoretu zuen. Nelsonek "Ikasketa esperimentalen" programa berri bat zuzentzen zuen; Violak bertan eman zuen izena 1971n, eta norabide berri bat hartu zuen bere arte-trebakuntzan. Gainera, kable bidezko telebista-sistema baten muntaia eta sorreran, bai eta unibertsitateko ikasle-zentroko Synapse Video Center kolore-estudioan lanean aritu zen Viola beste ikaskide batzuekin batera, eta esperientzia tekniko nabarmena lortu zuen. David Ross ere ezagutu zuen Billek, Nelsonen beste ikasleetako bat; 1971n, Ross herrialdeko bideo-departamentuko lehen arte arduradun izendatu zuten Everson Museum of Art-en (Sirakusa). Haren eskutik, museo horretan lan egin zuen Violak 1972. eta 1974. urteen artean, eta eskarmentu handia lortu zuen Peter Campus edo Nam June Paik bezalako bideo-artearen artista aitzindarien laguntzaile gisa. Violak 1975ean izan zuen bere erakusketa propioa Everson Museum-en. 1974. eta 1976. urteen artean, Art/tapes/22 bideo-arte estudioko produkzioko zuzendari tekniko gisa jardun zuen Florentzian, eta New Yorkeko WNET/Thirteen Television Laboratory-ko artista egoiliarra izan zen (1976–81); bertan, teledifusiorako teknologia berritzaileenarekin jardun zuen lehen aldiz.

Sormen-metodologia

"Oro har, beti egiten dut lan emoziotik eta intuiziotik abiatuta, eta, askotan, ez dut ulertzen zer egiten ari naizen, harik eta paperean forma hartzen duen arte; idatzi egin ohi dut, edo marrazki bat egin. Orduan hasten da obra bere misterioak erakusten”.

Sirakusako Unibertsitateko ikasle garaitik datorkio Bill Violari bere interesa pizten duen edozer idatziz jasotzeko ohitura. Bere ideiak antolatzeko, hiru koaderno-mota desberdin erabili ohi ditu: “Egunerokoak” irakurketa, esperientzia pertsonal eta sorkuntza posibleei buruzko ideiak jasotzeko baliatzen ditu; "Proiektu-liburuak" garapen artistiko espezifiko batean eta horren tratamendu posibleen inguruan ardazten dira; eta, azkenik, "Ekoizpen-liburuak" lan zehatz bateko elementuak (lokalizazioa edo dekoratua, egutegia, argiztapen-beharrak eta aktoreak, halakorik egotekotan) xehetasunez deskribatzeko erabiltzen ditu. Dokumentazio horretan oinarrituta, Kira Perovek, artistaren lanen ekoizle exekutibo eta Bill Viola Studio-ko zuzendari exekutibo den aldetik, azken pieza burutu eta produzitzeko beharrezko diren elementu guztiak jartzen ditu martxan, beste ekoizle batekin batera. Artistak kasu bakoitzean islatu nahi duena transmititzen die grabazio-prozesuaren parte diren aktore eta teknikoei.

Artea eta espiritualtasuna

Ikasle garaian, Bill Viola mendebaldeko eta ekialdeko mistikan interesa izaten hasi zen, bai eta horiei lotutako idazki eta poesiak aztertzen ere: Joan Gurutzekoaren Erdi Aroko testu kristauetatik hasi eta zen filosofia edo sufismo islamiarreraino. Arteak gure existentziari buruzko jakintza sakonago bat bilatzen lagundu behar digula sinetsita, Violak bideoa erabili zuen adierazpide gisa, gizakia betidanik kezkatu izan duten gai funtsezkoen inguruan ikertu ahal izateko —bizitza, heriotza, jaiotza eta sufrimendua—. Bere lanekin, "eliza batek ematen duena bezalako esperientzia emozional inguratzailea" sortzen du, bere hitzetan. Izatez, bere ibilbidean zehar, bere lanetako batzuk berariaz erakutsi ditu gurtzari eskainitako antzinako eta egungo espazioetan: Mezularia, 1996an sortua Durhameko Katedralerako (Erresuma Batua); Itsasbazterrik gabeko ozeanoa, 2007ko Veneziako Biennalean San Galloko Otoiztegiko elizan aurkeztua; edo Martiriak (Lurra, Airea, Sua, Ura) eta Maria, Londreseko San Paulo katedralean instalatuak, 2014ean eta 2016an hurrenez hurren. Pieza horiek guztiek bizitzari eta heriotzari buruzko hausnarketa sakon bat eskaintzen dute; izan ere, Violaren arte-ibilbidean behin baino gehiagotan errepikatu diren gaiak dira.

Musika

Musika oinarrizko parte da Bill Violaren bizitzan eta obran. Sirakusako Unibertsitatean musika elektronikoa ere ikasi zuen, eta 1973an graduatu ondoren, David Tudorrek Musika Berriari buruz emandako tailer batean hartu zuen parte. Musika esperimentalean aitzindari den piano-jotzaile eta konpositore horren eskutik ezagutu zuen Violak John Cage-ren obra berritzailea, eta Tudorrek bere Oihana (Rainforest) proiektuan elkarlanean aritzera gonbidatu zuen, gorabidean ari ziren beste artista eta konpositore batzuekin batera. Composers Inside Electronics izenez ezagutuko zen beranduago artista-talde hori, eta Pariseko Udazkeneko Festibala bezalakoetan aurkeztuko zituzten beren obra propioak.

Violak naturako soinuak grabatzen eta arkitektura-espazioen baitako soinuak esploratzen izandako esperientziari esker, egun bere bideosorkuntzetan hain ezaguna den giro-soinua garatu ahal izan zuen. Gainera, ikasle garaian rock musikako bateria-jotzaile izan zenez, trebezia erritmikoak jaso zituen, bere bideo eta instalazioetan editatzeko erabiliko zituenak.

Violak musikarekin duen lotura handituz joan da ordutik, haien artean oso desberdinak diren konposizioak bisualki interpretatzeko gonbitak onartuz joan den neurrian. Hala, musika elektronikoaren aita den Edgard Varèseren Desertuak (Deserts) obran parte hartu zuen 1994ean, Alemaniako Ensemble Modern orkestrarekin elkarlanean; Nine Inch Nails rock industrialeko talde estatubatuarraren 2000. urteko mundu mailako birarako hiru abestitan ere parte hartu zuen; azkenik, Richard Wagner-en Tristan eta Isolda operan ere egin zuen ekarpena. Azken lan horretarako Violak prestatu zuenlau orduko bideoak opera osoa irauten du, eta 2004–2005 urteetan sortu zen Gerar Mortier-en gonbidapenez. Hain zuzen ere Pariseko Opera Nazionalean zuzendari nagusi izendatu berri zuten Mortier, eta bere lehen denboraldian parte hatzeko gonbita egin zion Violari. Berak gonbidatu zituen Peter Sellars eszena-zuzendaria, Esa-Pekka Salonen orkestra-zuzendaria eta Bill Viola bera, opera horren ekoizpen berri batean elkarlanean aritu zitezen. Los Angelesen “proiektu” gisa aurkeztu ondoren, ekoizpen osoa 2005ean estreinatu zen mundu-mailan; Los Angeleseko Filarmonikoaren eta New Yorkeko Lincoln Center for the Performing Arts zentroaren enkarguz egin zen.