2 urtarrila 2023
2022. urtea aparta izan da Guggenheim Bilbao Museoarentzat, 25. urteurrena bete duen urtean publikoaren babes zabala izan baitu. Bai erakusketak ikustera bertaratutako bisitari-kopuruari dagokionean, bai ospakizun-ekitaldietara gerturatutako herritar andanari erreparatuta, Museoa osasun betean dagoela esan daiteke, eta proiektu erakargarria izaten jarraitzen duela hogeita bost urteko ibilbidearen ondoren.
Bisitari-kopuruari dagokionez, pandemiaren ondotik, egoera pixkanaka-pixkanaka ohikotasunera bueltatuz joan da urteko lehen sei hilabeteetan, eta uda, aldiz, Museoak inoiz izan duen jendetsuena izan da: abuztuan eta irailean marka guztiak hautsi dira. 1.289.147 bisitari bertaratu dira Museora 2022an, hortaz, historiako hirugarren urterik onena izan da 2017aren eta 1998aren atzetik (20. urteurreneko urtea izan zen lehena eta Museoaren lehenengo jarduera-urtea bigarrena, komunikabideetan sona handikoa). Aurten lortutako datuak agerian uzten ditu Museoaren arrakastaren jasangarritasuna eta lurraldearen bultzatzaile gisa duen indarra, bai eta egoera gogorrei aurre egiteko duen gaitasuna ere.
Gainera, asko eta asko izan dira urteurrena ospatzeko antolatutako programazio bereziaz gozatu dutenak. Abenduan 50.000 lagunetik gora bertaratu ziren Immersions ikustera; Seguros Bilbaoren babesarekin antolatutako ikuskizun horretan, Frank Gehryren Atrioa herritarrak Museoaren historian eta hirian zehar eraman zituen bidaia sentsorialerako mihise bihurtu zen bederatzi gauz. Baina ospakizunak urte osoan zehar luzatu dira, eta 13.000 pertsona baino gehiagok izan dute zuzeneko musikaz eta arte eszenikoez gozatzeko aukera urteurrenaren kariaz prestatutako ekitaldi-programa zabalari esker: apirilean, Museoaren 10. urteurrenerako Gabriel Erkorekak sortutako “Hamar” piezaren emankizuna; maiatzean, “Mundua museo bat da”, Kirmen Uriberen kontakizuna, Bilboko Elkarte Koralaren eta Euskadi Brass orkestraren musikarekin uztartua; ekainean, “Bi urteurrenetarako kontzertua” BOS-Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin, haren mendeurrena ere ospatzeko; ekainean, baita ere, Deabru Beltzak taldearen Symfeuny ikuskizuna Museoaren zabaldegian (4.000 ikusle bildu zituen); irailean, Francisco Escuderoren 3. sinfonia (Mitoen sinfonia); urrian, alde batetik, The Missing Element taldeak Museora eta Bilboko kaleetara ekarri zituen beatbox eta streetdance ikuskizunak eta, bestetik, Cecilia Bengoleak Museoaren Lagunekin batera egindako ekintza artistikoa; azaroan, Joaquín Achúcarroren errezitala; eta, abenduan, gazteentzako “Guggenheim belaunaldia”. Nabarmentzekoa da, baita ere, Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim museoek 2015ean abian jarri zuten Basque Artist Program egitasmoak orain arte izan dituen bost edizioetan parte hartu duten hamar euskal artistei eskainita antolatu den erakusketa, 370.000 bisitari baino gehiago jaso dituena guztira.
Museoko bisitariak
1.289.147 dira 2022an Museora gerturatu diren bisitariak, aurreko urtean baino % 43 gehiago (gogoan izan behar da 2021ean pandemiaren ondorioak nabariak izan zirela), eta 2019an baino % 10 gehiago (hots, orduan baino 118.000 bisitari gehiago).
Jatorri geografikoa kontutan hartuz gero, atzerritik eta espainiar estatutik heldutako bisitarien ehunekoa parekoa izan da: % 50 bakoitza. Atzerritarren kasuan, gehienak Frantziatik (% 14), Alemaniatik (% 5), Britainia Handitik (% 5), Ameriketako Estatu Batuetatik (% 5) eta Italiatik (% 3) datoz. Bertokoen artean, oso nabarmena izan da EAEko bisitarien kopurua (guztizkoaren % 27), ohikoaren hirukoitza izan baita. Hein handi batean, “Denontzako BBKartea para todos” ekimenaren arrakasta izan da horren erantzule, izan ere, BBKk babestutako egitasmo horri esker, EAEko biztanleek Museora doan sartzeko aukera izan zuten urriaren 25etik abenduaren 2ra bitarte, eta 100.000 lagunek aprobetxatu zuten egokiera.
25. urteurrenerako propio diseinatutako arte-programazioa izan da bisitarientzat Museoak 2022an izan duen erakargarritasunik handiena. Izan ere, Motion. Autos, Art, Architecture erakusketak (babesleak: Iberdrola eta Volkswagen) 751.243 bisitari jaso zituen otsailetik abuztura bitartean, Serra/Seurat. Marrazkiak erakusketak 451.353 bisitari ekainetik irailera, eta Fauvismotik surrealismora: Parisko Musée d’Art Moderneko maisulanak erakusketak (babeslea: BBVA Fundazioa), aldiz, 262.164 bisitari otsailetik maiatzera.
Arlo digitalari dagokionez, guggenheim-bilbao.eus webguneak 3.489.771 bisitari erregistratu zituen orotara 2022an (aurreko urtean baino % 27 gehiago), eta bistaratutako 10.627.462 orrialde; sare sozialetan, Museoak bere komunitatea eta eragina handitzen jarraitzen du: 791.772 jarraitzaile ditu Instagramen, 379.701 Facebooken eta 371.543 Twitterren.
Hezkuntza-programei dagokienez, 2022an 64.556 pertsonak parte hartu dute Museoak eskaini dituen aurrez aurreko zein online jardueretan, eta 772.592 pertsona izan dira arte-programazioaren osagarri diren espazio didaktikoak erabili dituztenak; aurten, gainera, gune berri bat jarri da abian: Artetik: From the Art, Google Arts&Culture ekimenarekin elkarlanean garatutako instalazio interaktiboa, Museoaren Bildumako artelanek eragiten dizkieten emozioak arakatzeko aukera ematen diena bisitariei. Halaber, 2022an familientzako programen eskaintza ere handitu da, eta 5.464 pertsonak hartu dute parte jarduera horietan. Ikastetxeetatik 16.223 neska-mutil bertaratu dira Museora, eta Hezitzaileen Communityk (irakasleentzako doako online komunitateak) 1.999 kide bildu ditu bere lehen urtean. Helduei dagokienez, 11.670 pertsonak parte hartu dute Museoak eskainitako era guztietako ikastaro, tailer, hitzaldi eta ikuskizunetan.
Komunitate zabala
Museoaren banakako kideei dagokionean, 191.576 dira Community (Museoak artearen eta kulturaren inguruan sortutako komunitatea) osatzen dutenak. Kolektiboen arabera banatuz gero, 22.400 dira Museoaren Lagunak; Museoa ireki zenetik izandako kopururik handiena da, eta horrek agerian uzten du kolektibo hori zenbateraino dagoen errotuta gertuko ingurunean. Museoarekin hartu-emanean egoteko doako modalitateari dagozkion kideak, hau da, Jarraitzaileak, 168.497 dira, eta langabezian daudenei Museorako doako sarbidea eskaintzen dien Erdu programak, aldiz, 679 onuradun izan ditu.
Guggenheim Bilbao Museoak 2022an izan duen enpresa-partaidetzari dagokionean, 119 izan dira Kide Korporatiboak: erakundearen finantzabidearen ezinbesteko oinarria eta haiek ere Communityren parte. Kide Korporatiboen egiturazko ekarpen garrantzitsuaz gain, urteurrenaren harira antolatutako erakusketa eta jarduera berezi ugari ere babestu dituzte enpresek.
Ekonomiaren higiarazlea
Azkenik, Guggenheim Bilbao Museoaren funtzionamenduak bere inguruan daukan eragin ekonomikoari dagokionean, 2022ko emaitzek gainditu egin dituzte aurreko urteetako datuak, eta honako hauek dira:
- Museoaren jarduerari esker EAEn sortutako eskaria 472,5 milioi eurokoa izan da guztira.
- Barne Produktu Gordinari egindako ekarpena 413,9 milioi eurokoa izan da.
- Kopuru horiei esker, Euskal Ogasun Publikoek 64,1 milioi euroko diru-sarrera gehigarria izan dute.
- Museoaren jarduerak 8.850 enplegu mantentzen lagundu du.
Beste behin ere, Guggenheim Bilbao Museoak Europako kultura-erakundeen artean buru izaten jarraitzen du autofinantzaketa-mailari dagokionez. 2022an % 71koa izan da datu hori, gutxi gorabehera.
Bidali mezu bat xehetasun guztiekin helbide honetara: media@guggenheim-bilbao.eus
Mezuan informazio hau jarriko da: grabazio-mota, eguna, ordua eta iraupena, zein den grabazioaren helburua (eraikina, erakusketak), elkarrizketa behar duen edo bestelako informazio interesgarria.
Behin eskaera onartuta, Museoak taldea osatzen duten kide guztiei buruzko datuak jasoko ditu, filmazioa egin aurretik.
Ikus-entzunezko produkzioetan Museoaren irudia erabiltzeak tarifa bat izan dezake. Eskaera bakoitza Irudi Batzordeak aztertuko du. Eskaera baten berrikuspena 3 egun baliodunetik 2 astera arte luza daiteke. Saioak aldez aurretik planifikatzea gomendatzen dugu.
Irudiak lortzeko, sar zaitez hemen eta deskargatu materiala. Premiazko eskaeretarako, posta elektronikoaren bidez edo telefonoz jar zaitezke harremanetan.
Irudiak beren egilearen izenarekin erreproduzitu behar dira, distortsionatu, mutilatu edo aldatu gabe. Irudi horiei beste erabileraren bat eman behar bazaie, Museoaren berariazko baimen idatzia beharko da.
Informazio guztia web orrialdeko Prentsa sailean eskura daiteke, erakusketen atalean.
Prentsa-txartela aurkeztu behar baduzu Museoko leihatiletan, sarrera doan eskuratuko duzu. Kontuan izan kazetariei Museoa doan bisitatzeko aukera ematen zaiela, museoaren jarduerei, ekitaldiei eta erakusketei publizitatea ematearen truke.
Bidali mezu bat hedabideari eta kazetariari buruzko informazio osoarekin media@guggenheim-bilbao.eus helbidera.