foto manolo paz viaje galicia
Lagunak
Apirilak 24–27

Galizia garaikidera bidaia

2025eko apirilaren 24tik 27ra, penintsulan zehar bidaiatzen jarraituko dugu, oraingoan mendebalderantz. Arkitektura berezia, museo garrantzitsuak, bildumagile konprometituak eta artista apurtzaileak biltzen dituen kaleidoskopioa aurkituko dugu bertan, sormen-energia darion ustekabeko errealitateari zabal-zabalik dagoena. Hura aztertzeko, A Coruña hartuko dugu erdigune, ondare oparoa baitago bertan, besteak beste Nicholas Grimshaw arkitekto britainiarrak Afundación Abancarentzat egindako proiektua, Domus-Casa del Hombre museoa barne hartzen duen eraikina (Arata Isozaki japoniarrak diseinatua) eta Elsa Urquijo coruñarrak Marta Ortega Perez Fundazioarentzat (MOP) berriki berreskuratu eta berrinterpretatu dituen industria-eraikinen multzoa.

Handik gertu, Santiago de Compostela historikoan, nabarmentzekoak dira Peter Eisenman estatubatuarrak diseinaturiko Cidade da Cultura kolosala eta Álvaro Siza portugaldarrak Centro Galego de Arte Contemporánearako sortutako zen kutsuko aire-eraikina; arkitektura-lan garrantzitsu horiei SGAEren egoitza ere gehitu behar zaie, Antón García Abrilena —harri biziari egindako omenaldi argia, eta katedral monumentalaren Loriaren Atariak duen kromatismoaren kontrapuntua—, baita David Chipperfieldek bere RIA Fundazioarentzat proiektatutako eraikin berria ere. Pontevedra eta Coruña probintzietan hiru gune paregabe bisitatuko ditugu: A Estrada udalerrian Juan Navarro Baldeweg santandertarraren lanik sotilenetako bat aurkituko dugu: bildumagile-bikote baten jabetzakoa den Monteagudo pazo edo jauretxean egindako esku-hartze arkitektonikoa; Corrubedon, berriz, 2023an Pritzker saria irabazi zuen David Chipperfield britainiarrak aspaldi egin zuen etxe bat, eta taberna txiki bat ere zaharberritu du herrian; Cambados herrian, berriz, Manolo Paz Arte Contemporáneo fundazioaren egoitza dago eta, bertan, Umia ibaiak ozeanoarekin bat egiten duen bokalera begira daude artista ospetsuaren eskulturak.

DESKARGATU PROGRAMA