Urrezko Aroa: Städel Museum-en Holandako eta Flandeseko pintura
2010.10.07 - 2011.01.23
Frankfurteko merkatari eta banku gizon Johann Friedrich Städel zahartzaroan hil zen bere jaiotzeko hirian 1816an, eta horrek Europako arte museo garrantzitsuenetako baten jaiotza ekarri zuen. Städelek oinordeko bakar izendatu zuen gerora bere deitura betiko hartuko zuen arte-institutu bat: Städel Museum-a.
Fundazio zibil gisa sortu zen Städel Museum-a Alemaniako merkataritza gune adierazkorrenetako batean eta, egun arte, Frankfurteko hiritarren eragin handia izan du. Izan ere, harreman hori nabarmena da museoaren bildumetan, azken 200 urteetan osatu baitira dohaintzei eta opariei esker, baita honako eskuratze-politikari esker ere: gutxi gorabehera 1300. urtetik egundainoko Europako pinturaren garapenaren ikuspegi orokorra aditzera ematen duten funtsezko artelanak biltzea.
Städel bizi zen garaian hasita, Holandako Urrezko Aroko —oro har, XVII. mendeko— pinturak leku gailena izan du museoaren bilduman. Lan horiek Holandako erdiko klaseko merkatari protestanteek osatutako elitearentzat sortu zituzten batez ere, eta Frankfurteko bildumagileen gustuetara ondo egokitu zitzaizkien; finean, horien funtsak —osorik edo zati batean— Städel-era dohaintzan emango zizkieten.
1568an Austriako etxearen aurka altxatu ziren holandarrak eta ondorengo hamarkadetan Holandako, iparraldeko, Probintzia Batuek euren lurraldeak babestu zituzten Filipe II.enak eta bere ondorengoek Habsburgotarren gobernua berrezar ez zezaten; hala lortu zuten XVII. mendean munduko merkataritza potentzia bihurtzea. Testuinguru horretan, nazio identitate eta harrotasun sentimendua piztu zen gizarteaneta horixe islatu zuten Urrezko Aroko pintoreek. Garai hartako eliteko merkatariek —gehienak protestanteak eta burgesak— dirutza handia egin zuten eta euren idealak eta morala jasotzen zituzten koadroak erakutsi nahi zituzten etxeko saloietan.
Erakusketa honetan Städel Museum-en Urrezko Aroko Holandako eta Flandeseko pinturen aukeraketa bikaina ikusgai jarri zen garaiko Holandako artearen ikuspegi orokorra azaltzeko eta hainbaten maisulanak aurkezten ditu, esaterako: Gerard ter Borch, Adriaen Brouwer, Gerrit Dou, Jan van Goyen, Frans Hals, Cornelis de Heem, Willem Kalf, Adriaen van Ostade, Rembrandt van Rijn, Jacob van Ruisdael eta Jan Vermeer. Horietan argi nabarmentzen da nola islatu ziren Holandako elitearen gustuak eta idealak pintura historikoan eta erretratuetan, ohitura-eszenetan, natura hiletan eta paisaietan.
Jan Vermeer van Delft
Geografoa, 1669
Olio-pintura mihise gainean
51,6 x 45,4 cm
Städel Museum, Frankfurt am Main