Telefono afrodisiako zuria | Salvador Dalí | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

Surrealismoaren gauzak

2008.02.29 - 2008.09.07

Erakusketa bikain hau Surrealismoak diseinuaren mundu zabalean —antzerkia, barne-diseinua, moda, arkitektura eta publizitatea— izandako eraginari eskainitako lehenengoa izan zen. Mundu osoko bilduma publiko eta pribatuetako 250 objektu inguru ikusgai jarri ziren (asko lehenbizi erakusgai), eta agerian utzi zen Surrealismoaren gauzak mugimendu honetako produkzio estetikoak izan zuen gero eta komertzializazio handiagoaren eraginez sortutako tentsioak.

Erakusketak garrantzia berezia ematen zion Dalíri, Espainiako artista surrealista ospetsuenari, baita Peggy Guggenehimek mugimenduarekin izan zuen harreman bereziari ere. Peggy Guggenheim-ek Surrealismoko pertsonaia askorekin harreman estua zuenez, Bigarren Mundu Gerraren hasieran obra asko zuzenean egileei erosi zizkien. New Yorkeko 57. kalean, 1942ko urrian, erakutsi zuen lehen biziz bilduma hori Frederick Kiesler arkitekto irudikorrak diseinatutako erakusketagune bikainean. Museo-galeria hori, "Art of This Century" izenekoa, New Yorkeko abangoardien bihotza izan zen, eta Peggy Guggenheimek eskainitako gogo handi, ardura eta ekinari esker, AEBn surrealismoaren ideala hedatzen eragin handia izan zuen.


Surrealismoaren gauzak altzariak, pinturak, eskulturak, jantziak, bitxiak, zeramikazko objektuak, ehunak, argazkiak eta filmak elkartu zituen gaika banatutako bost ataletan: Balleta, Surrealismoa eta objektua, Natura bitxi bihurtzen da, Gorputza erakustea eta Ametsezko barnealdea. Era berean, testuinguru historikoan kokatu zituen mugimendu surrealistaren erakusketa eta gertaera adierazgarrienak eta gainera, mugimendutik haratago joandako artista eta diseinatzaile surrealisten lanak nabarmendu zituen.

René Magritte, Max Ernst, Salvador Dalí eta Yves Tanguy artisten pinturekin batera, besteak beste, erakusketak XX. mendeko objektu harrigarrienetako batzuk bildu zituen, besteren artean Dalíren Mae West-en ezpainen formako sofa (1938) eta Otarrain telefonoa (1938), Elsa Schiaparelli diseinatzailearen Urratua eta Hezurdura gaueko soinekoak (biak 1938koak) eta Meret Oppenheim-en Hegazti baten hankak dituen mahaia (1939).

Komisarioa: Ghislaine Wood.
Egoitzak: Victoria & Albert Museum, Londres; Museum Boijmans Van Beuningen, Rotterdam.

 

Salvador Dalí
Telefono afrodisiako zuria (White Aphrodisiac Telephone), 1936
Telefonoa material sintetikoarekin
18 x 30, 5 x 12,5 cm
The Trustees of The Edward James Foundation

Partekatu