‘Mendiak eta itsasoa’ ondoren; Frankenthaler 1956–1959
1998.06.06 - 1998.10.04
1952ko udazkenean, hogeita hiru urte zituenean, Helen Frankenthaler-ek Mendiak eta itsasoa pintura entzutetsua egin zuen, "zurgatutako kolore-orbanak" teknika ospetsua erabili zuen lehen lana. Pintura trementinatan edo kerosenotan diluituz, artista horrek teknika asmatu zuen, zeinaren bidez inprimaziorik gabeko mihiseak pintura iragazi eta zurgatzen baitu. Horren ondorioz geratzen den orbana, sarritan aura uzten duena bere inguruan, etengabeko mugimenduaren sentsazioa ematen du, irudia eta euskarria lotuz.
Mendiak eta itsasoa, aurreko udan Frankenthaler-ek bisitatu zituen Eskozia Berriko itsaslabarretan oinarrituta, artistaren abstrakzioetako bat da. Modu beretsuan, Baserria udazkenean eta Akreak (biak 1959koak) pinturek paisajeen oroimenak dakartzate. Hala ere, Frankenthaler-en lanen ezaugarri organikoek erabilitako materialekin eta naturari egindako edozein aipamen errealekin zerikusia daukate. Frankenthaler-en ustez bera ez da ekintzabidezko pintorea, eta bere lanetan pinturaren jariakortasuna da nagusi eta hori da bere lanen pizgarria, eta ez mugimendua, adibidez Jackson Pollock-en tanta-jarioaren teknika den moduan.
Mendiak eta itsasoa lanak Frankenthaler-en lehen eraginak erakusten ditu: Vasily Kandinsky, Joan Miró eta Arshile Gorky. Hala ere, Pollock-en zuri-beltzeko pinturek, New Yorkeko Betty Parsons Gallery-an 1951ean izandako erakusketan lehenengoz ikusi zituenak, bultzatu zuten inprimaziorik gabeko mihisea erabiltzera, eta pintura eta marrazkia lotzera. Pollock-ek astoaren gaineko pinturari uko egiteak ere Frankenthaler-en prozesu askatuagoa inspiratu zuen. Frankenthaler-ek behegainean zabaldutako mihise biluzian isurtzen zuen pigmentua, eta paisaje garbiak sortzen zituen, kolore-eremu aldakorrak, ia gardenak zituztenak. Urkolore atmosferiko horiek, kotoizko zuntzek zurgatuta, sakontasunaren efektu optikoa lortzen zuten, perspektibaren irudipena saihestuz eta mihisearen itxura laua gordez.
Vermont-eko Bennington College-n lizentziatu ondoren, Frankenthaler-ek New Yorken egin zuen debuta. Laster, New Yorkeko Eskolaren bigarren belaunaldia esaten zaionaren taldeko kide berri eta azkartzat hartu zuten. Clement Greenberg arte-kritiko eraginkorrarekin zeukan adiskidetasunaren bidez, hiriko arte-komunitatean sartu zen eta New Yorkeko Eskolaren lehen belaunaldiko artistak ezagutu zituen, Willem eta Elaine de Kooning, Pollock eta David Smith, besteak beste. Bere lagun askok Willem de Kooning-en urratsak jarraitu bazituzten ere, Frankenthaler taldetik aldendu zen, "Pollock-en hiztegiko aukera gehiago" aztertzeko.
Frankenthaler beraren hitzetan, "De Kooning-en ikasle izan zaitezke, baina Pollock abiapuntutzat hartuz egin dezakezu". Frankenthaler-en pigmentuaren jario urtsuak, kolore-leherketa kontrolatuek eta mihisearen zati biluziek moztuta, sasoi hartako modaren aurka zihoan, hau da, ondo enpastatutako mihiseak eta trazu indartsuak. Frankenthaler-ek bere hizkerarekin interpretatu zuen Pollock-en metodo erradikala: azalera osoa estaltzea, espazio lau eta sakonen jokoari kolorea emanez. Morris Louis artistak esan zuen Frankenthaler izan zela "Pollock eta posible zenaren arteko zubia". Frankenthaler-ek eragin handia izan zuen Louis-engan eta Kenneth Noland-engan, biek azpimarratu baitute 1953an pintorearen estudioan Mendiak eta itsasoa ikusi izanak euren ibilbide artistikoan izan zuen garrantzia; eragin horrek, hain zuzen ere, bihurtzen du espresionismo abstraktuaren eta color field painting edo kolore bereko plano handien pinturaren arteko lotura.
1950eko hamarkadaren erditik hasita Frankenthaler-en lanak pintura lodiagoarekin eginda egon arren, lehen urteetako ezaugarri etereoa berreskuratu zuten pinturek 1956an. Pintura batzuek, adibidez Eden (1956) eta Biluzia (1958), mihisearen zati handiak estali gabe uzteko joera erakusten dute, argiz betetako espazio negatiboei pintatutako aldeek daukaten pisu piktoriko bera emanez. Gero, Louis-ek eta Noland-ek hartu zuten teknika hori. Frankenthaler-ek ez du seriean lanik egiten; beraz, pintura bakoitzak bere nortasuna dauka.
Erakusketa honetan ikusgai jarritako lanek tarte laburra hartu bazuten ere, lanaren dibertsitateak artistaren ikuspegi esperimentala eta bere pinturan eragina izan duten esperientziak eta zirrarak (biografia pertsonaletik artearen historiaraino) azpimarratu zituen.
Helen Frankenthaler
Mendiak eta itsasoa (Mountains and Sea), 1952
Olio-pintura, inprimaziorik gabeko mihisearen gainean
220 x 297,8 cm
Artistaren bilduma