Mark Rothko: argizko paretak
2004.06.08 - 2004.10.24
Mark Rothko (Marcus Rothkovitz) Dvinsken, Errusian, jaio zen 1903an. 1913an Ameriketako Estatu Batuetara emigratu zuen familiarekin batera, eta Portlanden, Oregonen ezarri ziren. 1921 eta 1923 bitartean Yale Unibertsitatean ikasi zuen beka bati esker, baina lizentzia lortu gabe unibertsitatea utzi eta New Yorkera joan zen bizitzera. 1925ean hasi zen pintatzen eta 1933rako jadanik lehenengo erakusketa egin zuen bakarka. 1940ko hamarkadaren bukaeran eta 1950ekoaren hasieran teknika hobetzen jarraitu zuen gerora ospea emango zion estilo heldu hori garatu zuen arte. 1970ean tragikoki hil zenetik, bere arteak entzute handikoa izaten jarraitzen du. Gaur egun gerra ondorengo AEBko artearen aitzindari handien artean dago eta, Barnett Newman eta Jackson Pollockekin batera, espresionismo abstraktuaren irudi gailenetako bat da.
2003an eta Rothkoren mendeurrenarekin bat etorriz, Basileako Beyeler Fundazioak, artistaren seme-alaba Kate R. Prizel eta Christopher Rothkorekin elkarlanean, Rothkori eskainitako areto batzuk instalatu zituen; gero Guggenheim Bilbao Museoan ikusgai jarri ziren bertsio zabalago batean. Instalazioak bere fazeta sortzaile guztien pintura sorta adierazgarria aurkeztu zuen, artistari eta bere lanari omenaldi hunkigarria egiteaz gain.
1930eko hamarkadaren bukaerako eta 1940ko hasierako obra multzoak agerian utzi zituen artistak bere lehenengo lanetan jaso zituen eraginak. Izan ere, hamarkada horren erdialdera surrealismoari dagozkion teknikak eta irudi abstraktuak barneratu zituen, eduki mitologikoa eta ikonografia erlijiosoa nagusitu ohi diren pintura estiloa landuz. 1940ko hamarkadaren bukaerako Forma anitzeko pinturak (Multiform Paintings) obra sortarekin espazioan kokatzen dituen kolore puruetan oinarritutako ikuspegia lantzeari ekin zion. Artean helduarora iritsi zenean, Rothkok mihisearen gainean flotatzen ari direla diruditen kolore biziko eremu laukizuzenen ahalmen espresiboa aztertu zuen. Aldi horretako pinturei eskaini zaien aretoan Titulurik gabea, 1952–53, dago ikusgai. Obra horrek dituen izugarrizko neurriak ikusita —300 cm-ko altuera eta 442,5 cm-ko zabalera— Rothko bere artearen bidez susmatu ezinezko hedadura espazialak biltzen saiatu zela adierazten digu zalantzarik gabe. Formatu handiko pinturak egiten zituenez muralen pintore gisa hartu izan dute sarritan, eta jaso zituen eskari ugari pintura eta mural monumentalak egiteko izan ziren; "Obra handi bat nolanahi pintatzen duzula ere bere barruan zaude. Ez da kontrolatu dezakezun zerbait" uste zuen Rothkok.
Kritikak artista sentsual eta kolorista gisa goraipatzen zuen bitartean, Rothkorentzat mihiseak kontrakoen borroka bortitza adierazten zuen —bertikala horizontalaren aurka, kolore beroa hotzaren aurka—, horrela mundu modernoaren gatazka existentzialak aditzera emanez. Grisaren gaineko pintura beltzak (Black on Grey Paintings) serieko lanak, Rothkok bere buruaz beste egin aurretik hasitakoak, bere lanak tragedia bat biltzen zuenaren ustea ziurtatzen digute. Artistak berak Titulurik gabeak izena emandako pintura horiek, aldi berean, abiaburua eta inflexio puntua dira bere ibilbidean. Pintura horiek guztiek formatu horizontala dute eta bi zatitan banatuta daude: behealdea, kolore gris eta batzuetan marroiez margotua, eta goialdea, beti beltza. Batzuetan, bi azalerak keinuzko pintzelkaden bitartez nahastuta agertzen dira. Horrela, erdiko gune banatzailearen inguruan horizonte argia nagusitzen dela iruditu arren, hortxe nahasten dira grisa eta beltza hain zuzen ere.
Atentzioa ematen digun ezaugarria hauxe da: pintura guztiek, batek izan ezik, mugatzen duten zuri koloreko zerrenda estua dute. Pinturaren muga errealetan jarritako enfasi horrek koadro baten barruko koadroaren efektua areagotzen du eta nagusitzen den sentsazioa hauxe da, ikusleak ez dituela jadanik koadroaren barruan kolore eremu batzuk ikusten, koadro bat baizik, dagokion identitatea izaera lauaren bidez sendotzen duena. Era berean, konposizioa banaketa horizontal bakar batera mugatzeak ere paisaiarekiko lotura adierazten digu, planeta baten ertzetik hutsunera begira egongo bagina bezala. Kasu honetan, marko zuriak pintura ezagutzen ez dugun errealitate batera zabaltzen den "leihoa" balitz bezala ikustera eramaten gaitu. Pentsatzekoa da Rothkok nahita landu zituela kontraesanean dauden bi efektu horiek. Deigarria da horrela ikusleari ezartzen zaion distantzia. Ikusleak jadanik ez du bere burua ikusiko aretoan zehar zabaltzen ari direla ematen duten kolore eremuetan bilduta, aurrez aurre agertzen baita presentzia goren batekin, soiltasun ikonikoarekin.
Mark Rothko
Titulurik gabea, 1952–53
Olio-pintura mihise gainean
299,5 x 442,5 cm
Guggenheim Bilbao Museoa