Kimsooja: Hariaren ibilbideak
2015.03.12 - 2015.07.05
Film & Video aretoa
Film & Video aretoa modu iraunkorrean eskaini zaio bideoarteari eta irudia mugimenduan darabilten lanei.
Hariaren ibilbideak – I., II. eta III. kapituluak (Thread Routes – Chapter I, II and III, 2010–) seriea dago oraingo honetan ikusgai Guggenheim Bilbao Museoan. Diziplina asko jorratzen dituen Kimsooja (Daegu, Hego Korea, 1957) artista kontzeptualarena da, 16 mm-ko filmean egindako lehenengoa. Amaitu gabeko proiektua da; ehunak lantzen dituzten eta ehungintzak haien kulturan zeregin garrantzitsua duten kulturak filmatzen ari da, eta sei kapituluko proiektua izango da bukaeran. Kapitulu bakoitza munduko txoko batean egiten ari da. Guztiak elkartzean mosaiko moduko bat sortuko du, kultura horien ehungintza jardunaren komuneko ezaugarri performatiboez osatutakoa. Museoan, artistak sortutako hiruki itxurako instalazio batean aurkeztuko dira aipatutako hiru kapituluak, hurrenez hurren, Perun, Europan eta Indian filmatutakoak.
Filmek, gainera, ehungintzaren, arkitekturaren, naturaren, laborantzaren eta genero-harremanen arteko loturak ere lantzen dituzte. Narrazio gabeko dokumental baten estrategia darabilte filmek, ikuslea poesiaren eta ikusgaien bidezko antropologiaren eremuetan murgilarazteko. Artistari seriea egiteko ideia etorri zitzaion 2002an, Brujasen parpaila egiteko prozesua ezagutu zuenean.
Kimsoojak 1980ko hamarkadaren hasieran ekin zion diziplina asko jorratzeari. Koreako ohazal tipikoa (yibulbo) hartu zuen bizitzaren koadro eta markotzat, eta ideia horren garapenak oihalen eta performancearen erabilera ekarri zuen. Horren harira, Koreako fardel tradizionala (bottari) Kimsoojaren lan askotan funtsezkoa izan da. Hariaren ibilbideak aurreko lanekin lotura zuzena du: jositako lanekin, bildutako objektuekin eta Jostorratz emakumea (A Needle Woman) performance-bideoekin; azken horietan, munduko hainbat hiritako bilbe zirraragarrietan murgiltzen da artista.
Kimsooja
Hariaren ibilbideak – II. kapitulua (Thread Routes – Chapter II), 2011
16 mm-ko filma, HD bideora transferitutakoa, soinuduna, 23 min 40 s
Hauen eskaintza: La Fábrica, Madril; Galeria Kewenig, Mallorca eta Berlín; Galerie Tschudi, Zuoz;
Galleria Raffaella Cortese, Milan; eta Kukje Gallery, Seul