jesse jones
Iragandako erakusketa

Jesse Jones: Dar-dar

2019.10.31 - 2020.03.01

Guggenheim Bilbao Museoaren Film & Video programak mugimendudun irudiari lotutako praktika artistikoak dakarzkigu, eta arte bisualen, film-instalazioen eta, oro har, kultura garaikidearen arteko harreman kritikoa aztertzen du.

Bere lanean, Jesse Jonesek (Dublin, 1978) uztartu egiten ditu film-materialaren eszenografia teatrala, eskultura eta performancea; horretarako, memoria kolektiboa nola gauzatzen den aztertzen du, baita keinu, objektu eta mintzairek esperimentazio artistikorako eskaintzen dituzten modu ezberdinak ere. Dar-dar 2017an sortu zen Veneziako 57. Bienaleko Irlandaren pabiloirako, eta, harrezkero, Europako eta Asiako hainbat erakunde eta galeriatara berariaz egokituz joan da. Asmo handiko instalazioa da, bai teknikoki, bai kontzeptualki, eta sorginen irudi historikoa hartzen du Mendebalde modernoko sinbolo boteretsu gisa eta ahalmen poetiko eta politikoaren eramaile gisa.


Obra Irlandan sortu zen, abortuaren inguruko eztabaida gogorrak pil-pilean zeuden garai batean, eta hirurogeiko hamarkadan Italian izandako protesta feministak ere ekartzen ditu gogora—milaka emakumek “Dar-dar egizue, sorginak bueltan dituzue” oihukatzen zutenekoak—. Dena den, lan honek arketipo intenporal bat erretratatzen du, identifikazio nazionalak edo etnikoak gainditzen dituena. Hain zuzen ere, Dar-dar obrako sorgin ahaltsua pentsamendu magikoaren pertsonifikazio gisa uler liteke, erreala den horren eraldaketa erradikalaren irudi gisa eta kaos kosmikoaren abiarazle gisa. Olwen Fouéré aktore irlandar laudatuak ematen dio bizia, modu ikaragarrian egin ere, pertsonaia karismatiko horri. Bitartean, pantailatik harantz, erritu bat egiten da erakusketa-gunean bertan: minutu gutxiz behin, zeremonia-gidari batek, zarata handiz, zirkulu bat marrazten du horma beltz batean, eta, une berean, oihal batek irrist egiten du, eta eremua zatitzen, esku erraldoi eta fantasmagoriko batek mugituko balu bezala. Pantailak beregainak eta panoramikoak dira, eta aurrez aurre ipinita daude; haien bertikaltasuna sorginak egiten duen balio-eraldaketaren beste ikur bat izan liteke.

Aretoaren sarreran, zenbait objektu daude beira-arasetan ikusgai. Objektu horiek funtsezko erreferentzia dira Jonesen proiektuan, baina baita artista sorginkeriarekin erlazionatutako errituei eta mitologiei buruz egiten ari den ikerketaren testuinguruan ere. Obra Bilbon aurkezteko orduan, Euskal Herriko historia atze-oihal garrantzitsu bihurtzen da, xvi. eta xvii. mendeetan Inkisizioak sorgin-ehiza eta heretikoen garbiketa basatiak egin baitzituen bertan. Hala, errituetarako zein sorginkeriari lotutako sineskeretarako erabiltzen ziren etxeko objektuak, Gipuzkoatik eta Nafarroatik ekarriak, elkarrizketan daude artistak ikerketarako nahiz lantegiko lanerako erabiltzen dituen gainerako piezekin.

Jesse Jones, Dar-dar (Tremble Tremble, 2017), ekoizpen-irudia. Artistaren eskaintza. Argazkia: Ros Kavanagh

Dar-dar Tessa Giblin-ek eta Culture Ireland-ek egindako enkargua da jatorriz, Arts Council of Ireland erakundearen lankidetzarekin, Veneziako 57. Bienalean Irlandak izandako pabiloirako. Soinu-diseinatzailea eta musikagilea: Susan Stenger. Produkzioaren eta ikus-entzunezko programaren arduraduna: Aaron Kelly.

Partekatu