Hasperena | Sam Taylor-Johnson | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

Hasperena (Sigh): Sam Taylor-Johnson

2016.09.09 - 2016.12.11

1990eko hamarkadaz geroztik Sam Taylor-Johnson artista britainiarraren argazki- eta bideo-instalazioek giza emozio gordinenak arretaz aztertzen dituzte, haiek isolatuz eta zatituta aurkeztuz; horretarako, batzuetan narratiba berreraiki egiten du, eta bestetan irudiaren eta soinuaren inguruko gure pertzepzioa aldatzen du, Hasperena (Sigh, 2008) lanean egiten duen moduan. Hasperena zortzi proiekzioz osatutako ikus-entzunezko instalazioa da. Bertan, BBC Concert Orchestra-ko sail diferenteak Anne Dudley konpositore ospetsuak instalaziorako beraziaz idatzitako musika-lana jotzen ari direla dirudi. Soinua oso ondo entzuten den arren, musikariek ez dituzte euren instrumentuak jotzen, baizik eta, keinuen eta mimikaren bitartez, musika-emanaldi baten berezko mugimenduak imitatzen dituzte. Musikariek euren lan-tresnak ez edukitzeak ahultasun-sentsazioa eragiten du eta, aldi berean, instrumentu bat jotzeko behar den gorputz-mugimenduaren garrantzia azpimarratzen du. Zortzi minutuko partitura originala idazteko, Anne Dudley Sam Taylor-Johnsonen Mamuak (Ghosts, 2008) serieko argazkietan inspiratu zen. Emily Brontë-ren Tontor ekaitztsuak nobela viktoriar klasikoan oinarritutako argazkiak dira; izan ere artistak Haworth Moor-en (Yorkshire) atera zituen, hots, Brontë ahizpak hazi ziren ingurunean. Haize bortitzek zigortutako paisaia horrek paper garrantzitsua dauka haien literatura-obretan. Hasperena lanean giza bizitzarik ez duten eremu ezatsegin horiek gogora ekartzen dituen partitura interpretatzen ari diren BBCko musikariak erakusten dira. Keinu naturalekin baina, agian, gehiegizkoekin, instrumentu ikusezinez interpretatutako obra da.

 


Sam Taylor-Johnson
Hasperena (Sigh), 2008
8 pantailako proiekzioa, 8 min 37 s
© Sam Taylor-Johnson.
Eskubide guztiak jabedunak dira. DACS 2015. Honen eskaintza: White Cube

Partekatu