Gardentasunak
2003.03.04 - 2003.05.18
Argia da erakusketa honen protagonista nagusia eta Euskal Herriko eta Espainiako artearen oraingo panoraman nabarmendu diren sortzaileen obraren osagaia. Javier Pérez, Cristina Iglesias, Susana Solano eta Juan Luis Morazak, Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduma egituratzen duten ardatz bat ordezkatzen duten artistek alegia, ikusgai jarri zituzten beren lanak 103 aretoan.
Javier Pérezek, Levitas (1998) lanaren erabateko arintasunaren bitartez gizakiaren presentzia erakusten digu kristalezko esferetan sartuta dauden arrasto misteriotsuetan irudikatuta, bizitzaren ezegonkortasuna eta hauskortasuna aditzera emanez.
Cristina Iglesiasen Titulurik gabea (Alabastrozko gela) [Sin título (Habitación de alabastro), 1993] lana espazioak, argiak eta materialek osatutakoa da. Osagai horiek multzoari itxura eta zentzua ematen diote, materialen nolakotasun fisikoak agerian utziz eta obraren egiturak eta formak duten konplexutasuna nabarmenduz. Titulurik gabea (Sareta II) [Sin título (Celosía II)] 1997ko obrak itxura exotikoa duen gela antzeko bat da, eta gune batzuetan itxita dagoela ematen duen arren barrura sartzen uzten du argia. Obra honek sareta arabiarrak gogorarazten dizkigu eta bertan, bere obra ugaritan bezala, artistak itxuraz kontrakoak diren edukiak bat egitea lortzen du, aldi berean babesleku eta kartzela den gela bat aurkeztuz.
Jaosokor Susana Solanok 1997an sortutako obra da, eta bertan tamaina bereko plastiko zati handi koloregabeek eta gardenek sendotasun itxura faltsua sorrarazten dute, aldi berean aparraren, uraren eta eguzki argiaren nolakotasun batzuk gogorarazten dizkiguten bitartean. Indonesiara egin zuen bidaia batean inspiratutako obra honetan, artistak bere artea munduarekin erlazionatzeko premia adierazten digu.
103 aretoan, Juan Luis Morazak Estasia, estatusa, estatua (Éxtasis, status, estatua, 1994) obra erakutsi zigun. Bertan, erretxinaz eginda eta era ordenatu batean ilaran jarrita dauden zapata-takoi ugarik paralizatzen gaituen saturazio efektua sortu eta emakume-plazera irudikatuko dute. Obrak agerian uzten du Morazak formarekiko duen interesa, maila bateraino egunerokotasunari lotua, baita objektuaren mugen aurrean sentitzen duen kezka ere, gai transzendenteagoak adierazten saiatuz.
Cristina Iglesias
Titulurik gabea (Sareta II) [Sin título (Celosía II)], 1997
Zura, erretxina eta brontze-hautsa
274 X 270 X 251,5 cm
Guggenheim Bilbao Museoa