Fiona Tan: Ekialdeari begira, galduta
2016.12.22 - 2017.03.19
Fiona Tan 1966an jaio zen Pekanbaru-n, Sumatra uhartearen erdialdean (Indonesia). Aita txinatarra eta ama australiarra ditu. Herbehereetan bizi da Tan 1988az geroztik. Bere burua “atzerritar profesionaltzat” jotzen du, jaiotzez emigrantea. Horrek bere lan askotan du eragina. Sakontasun zorrotzez, zinema, bideoa eta argazkigintza nahasten ditu, kolonia osteko kulturan eta kultura globalizatuan identitateen eraketa aztertzeko, Ekialde kolonialari lotutako mito eta legendetan arreta berezia jarriz.
Ekialdeari begira, galduta (Disorient) izeneko bi kanaletako bideoinstalazioa 2009an ekoiztu zuen Tanek, Veneziako 53. Bienaleko Herbehereetako pabilioirako. Hiri horretan garatzen da filmaren zati bat eta bertan grabatu zen. Izan ere, artelanean Veneziaren XIII. eta XVI. mendeen arteko historia islatzen da: orduan Asian aurki berri ziren herrialdeekiko komertzioaren ardatz estrategikoa zen. Tanen filmak “Ekialde Handi” baten ametsa gogoratzen du, bereziki Marco Polo-k bere Munduko mirarien liburu ezagunean (1298. urte ingurukoa) kontatzen duen bezala. Istorioen bilduma horrek —hizkuntza askotara itzulia eta zazpi mendez maiz iruzkindua— Europan “Mirarien Ekialde” baten irudia sorrarazi zuen, bertako kontakizunak benetan gertatu zirela zalantzan dagoen arren. Paradoxa hori azpimarratzen du Tanek bere obra honetan.
Ekialdeari begira, galduta lanean Marco Poloren kontakizuna —lur eta herri sakabanatuei buruz hitz egiten duen gizonezko ahots batek irakurria, ia xuxurlatua— aurrez aurre jarritako bi pantailen artean kokatutako bozgorailu batetik ateratzen da. Pantaila handienak oroigarriz eta trofeoz osatutako bilduma anakroniko batean barrena egindako ibilbide geldoa erakusten du. Bertan animalia exotiko disekatuak, urrezko estatuatxoak, oihal bikainak, portzelana fina, espeziak, amuletoak, lanparak eta beste erlikia batzuk, apaingarri modernoekin, hainbat herrialdetako txanponekin eta telebistekin batera azaltzen dira, baita Veneziako Bienaleko pabilioi nederlandarraren maketa batekin ere. Biltegi bakarti batean daude guztiak, urre koloreko tunika bat jantzita daraman pertsonaia misteriotsu eta pentsakor batek (mendebaldekoa) zaintzen dituen ekialdeko mirarien ganbera batean. Aurrez aurre kokatutako pantailan datarik gabeko baina gaur egungo irudi batzuen muntaia bat ikus daiteke. Irudiek esploratzaile veneziar ezagunak ustez bisitatutako tokietan gaur egun dauden bizitza- eta lan-baldintzak deskribatzen dituzte. Afganistanen, Iraken eta Txinan jasotako irudi horietan langileak masa-ekoizpen fabriketan beharrean, matxinadak, pobrezia, esplotazioa eta bizirauteko moduak azaltzen dira, kutsatuta eta eraikinak erortzear dauden tokitan. Irudi horiek osotasunean, lehen pantailan ikusten diren luxuzko ondasunen sorrera, bilduma, bidalketa eta instalazioa dokumentatzen dute zeharka. Obraren izenburuak iradokitzen duen moduan, itxuraz elkarrezinak diren baina oso lotuta dauden bi narrazio hauek elkarren ondoan jarriz, galduta sentitzen gara. Biltegia kultura-memoriaren eta mito modernoaren eszenatokian eta artxiboan eraldatuz, Tanek Maco Poloren legendazko Asiaren berreraikuntza —aldi berean berreskuratzea eta irudimenezko oroitzapena— egiten du.
Fiona Tan
Ekialdeari begira, galduta (Disorient), 2009
Bi kanaleko koloretako bideoinstalazioa, soinuduna
17 min eta 19 min 30 s
Solomon R. Guggenheim Museum, New York
Zuzendariaren Nazioarteko Batzordearen funtsekin eskuratua, 2014 2014.120
© Fiona Tan, VEGAP, Bilbo, 2016