Duela gutxiko arte europarra
1997.10.19 - 1999.12.01
Azken hamarkadetan artearen bereizgarri nagusia estiloen aniztasun zabala izan da, gaur egungo Europan aurkitzen dugun dibertsifikazioarekin alderatzeko modukoa. Gizarteko aniztasunarekin batera esperimentatzeko bide berriak zabaltzen dituzten adierazpen ereduen bilaketa aurkitzen ditugu.
1960ko hamarkadaren azken urteetan, arte povera kontzeptua, arte pobrea alegia, sortu zen hiru dimentsiotako lanetan material ez oso konbentzionalak (industriako materialak, organikoak eta eguneroko materialak) erabiltzen zituen artista-talde bat izendatzeko. Artista hauetako gehienak italiarrak ziren eta aipatutako materialen bidez naturaren eta gizakiak egindakoaren arteko gatazkak nabarmendu nahi zituzten. Mario Merz-ek, artista povera horietatik garrantzitsuenetarikoak, beira, metalezko hodiak, adarrak, buztina eta torlojuak erabili zituen bere Hiri irreala, mila bederatziehun eta laurogeita bederatzi (1989) lanean. Merzek igluaren (behin-behineko etxebizitza) esfera erdiko forma erabili izan du 1968az geroztik, alde batetik artistaz duen ikuspegi pertsonala irudikatzeko, hots, nomaden moduan batetik bestera dabilena naturaren eta kulturaren arteko bitartekari moduan,eta bestetik, artistak uniformetasun estilistikoari aurre egiteko jartzen duen erresistentzia komunikatzeko. Jannis Kounellis-ek Titulurik gabea (1988) lanean ere material industrialak nahasten ditu berariaz, esate baterako, margoen modura horman ipinitako ikatza eta burdina. Material organikoak eta ez-organikoak uztartuz artearen esanahiaren izaera ustekabeko eta aldakorra sinbolizatzen da.
Arte povera, earth art edo land art (lurreko artea) sortu zen garaian naturara hurbiltzeko geroz eta premia handiagoa nabarmentzen zen, artearen komertzializazioaren aurkako jarrera batekin batera. Mugimendu hau kultura industrialaren teknologia sofistikatuak eragindako desilusioaren adierazgarri gisa sortu zen. Earth art delakoaren bidez, naturak artelanari ingurune bat eskaintzen zion agertokia izateari utzi eta protagonista bihurtuko da. Bazter basatietan barrena egindako ibilaldietan zehar, Richard Long-ek egur, harri eta hondakinak irudi geometrikoak osatuz ipintzen ditu eta ondoren argazkiak ateratzen ditu, naturak azkenerako hondatuko zuen hura babestearren. Barne espazio batean egindako Longeko instalazio poetikoak artistak alor desberdinetan burututako ekintzak oroitarazten ditu. Long-en japoniar lorategiak edo, beharbada, hainbat erritual primitibo gogoraratzen dituzten formak osatuz jartzen ditu harriak.
Christian Boltanski-ren instalazioa bonbilez eta pertsona ezezagunen argazkiz osatzen da eta horien bidez artistak heriotza, denbora eta oroimena bezalako gai unibertsalak arakatzen ditu. Gizakiak (1994) lanean Boltanskik antzoki eta eliza txikietako giroa oroitarazten du, hango argi eta itzalek lilura isila eta galera- eta ausentzia-sentsazio zorrotza eragiten baitute ikusleengan.
Enzo Cucchi-k, Italiako transabangoardiari lotua gehien bat, koadro apokaliptikoak egiten ditu estilo figuratiboan, edo, bestela, Lurraren diseinu handia (1983) lanean bezala, egurra eta burdina bezalako materialak erabiltzen ditu, arte poveraren erreferentzia nabarmenak azalduz. Gilbert eta George artistek, lanerako darabilten bitartekoa edozein delarik ere, beren burua erabiltzen dute arte-material gisa. Beren fotokonposaketetan, beirateetako artea parodiatzen duen estilo hieratikoan eginak eta homosexualitatea, arrazen arteko gatazkak eta indarkeria bezalako orain-oraingo gaiak jorratzen dituzte, umore ikutu batekin jorratuta.
Mario Merz
Hiri irreala, mila bederatziehun eta laurogeita bederatzi (Città irreale, Millenovecentottantanove), 1989
Kristala, ispilua, metalezko tutuak, adartxoak, kautxua, buztina eta torlojuak
0,5 x 1,3 x 1 m
Solomon R. Guggenheim Museum, New York
Artistaren dohaintza, 1989