David Salle
2000.01.18 - 2000.05.14
David Salle, 80. hamarkadaren hasieran nabarmendu ziren Estatu Batuetako artistarik ezagunenetakoa dugu. Haren pinturaren estilo bereziak eragin handia izan zuen, hamarkada hartako artelan gehienen ezaugarri nabarmenena izango zen neurri handiko pintura figuratiboaren nazioarteko susperraldian. Amsterdameko Stedelijk Museumek antolatutako atzera begirako erakusketa zabal honetan, artista honen ibilbideko hogei urte hartzen dira: 1980 ingurutik gaur egunera arte bitartekoak.
Salle New Yorken bizi da eta han egiten du lan. Estatu Batuetako mendebal-erdialdean hazi zen, eta 70ko hamarkadan California Institute of the Arts ikastegi sortu berrian ikasi zuen. Ikastegi hartan hasiko zen zinemagintzako teknikak bere margolanetan erabiltzen, besteak beste, zinemako muntaketa eta pantaila zatikatua. Ikasketak bukatu ondoren, New Yorkera joan zen bizitzera, eta han bere irudi konplexu eta bisualki pizgarriek entzute handia eskuratu zuten berehala, 80ko hamarkada hartako nazioarteko arte-giroetan.
Gure artistak, bere belaunaldiko beste artista askok bezalaxe, bidean aurkitutako irudiei zor die bere irudi-sortaren aberastasuna, inspiraziotzat hartu baitzituen irudi haiek. Artearen historia, publizitatea, diseinua eta kultura herrikoieko eszenak hartuz, kultur erreferentzia nahasiko anabasa sortzen du Sallek. Haren margolanetan artista askoren eragina antzematen dugu: Velázquez eta Bernini barrokoena, Cézanne pintore postinpresionistarena, Giacometti eta Magritte surrealistena, eta Jasper Johns gerraondoko artista estatubatuarrarena, besteak beste. Arte Ederrez gain, dekorazio-arteak eta arte erotikoa ere inspiraziotzat hartzen ditu Sallek. Artistak bere estudioan egindako argazkietatik abiatuta egindako emakumezko figuren irudikapen erotikoak, edota hainbat iturrietatik kopiatutako osagai eta barrualdeen irudiak ikus ditzakegu Salleren koadro askotan. Eszena hauekin batera, diseinuko hiru dimentsioko objektuak agertzen dira batzuetan, hala nola, mahaiak, oihal estanpatuak eta botilak. Beste batzuetan, Sallek literatura edo zinemako izenak edo izenburuak txertatzen ditu bere koadroetan, Tennyson edo King Kong izenak esate baterako.
Salleren obra, postmodernotasuna deitu izan denaren erakusgarri bikaina dugu. Modernotasuneko protagonistek beren buruari buruzko gogoetak egiteko joera baldin bazuten, artista postmodernoek haraindikotasuna bilatzen dute inguratzen dituen mundu material osagabearen baitan. Sallek mundu honetatik margotzen du, eta irudi eta estiloen jatorrizko testuinguruak urrutiko oroitzapenak bailiran lausotzen direneko beste mundu bat sortzen du. Bere koadroek konbentzio narratiboak indargabetu eta azpikoz gora jartzen dituzte, eta hala, ikustearen nagusitasuna nabarmentzea eta zirrarak sortzea helburu nagusitzat duten ikusmeneko gertakariak bilakatzen dira konbentzio horiek.
Erakusketa honetan ikusgai dauden koadroez gain, arte-munduko beste hainbat alor landu ditu Sallek, eskultura eta zinemagintza esaterako, Search and Destroy izeneko filmean adibidez. Horrez gain, Karole Armitagen koreografia duten punk kutsuko balletetarako dekoratuen diseinuak egin zituen. Koreografo hau maiz agertzen da Sallek 80ko hamarkadako azken urteetan egindako koadroetan, Byronek Wellingtonez egindako aipua (Byron's Reference to Wellington) izenekoan adibidez (1987).
80ko hamarkadaz geroztik, bere buruarekiko eta nazioarteko arte-munduarekiko erronka bizi izan du David Sallek. 90ko hamarkadan zehar lan desberdinen hainbat serie lantzen aritu da, askotan serie desberdin horiek aldi berean jorratuz.
90ko hamarkadan Tapizen pinturak (Tapestry Paintings) hasi zituen Sallek, XVII. mendeko tapiz italiarren diseinuak oinarritzat hartuta. Mihise zakar horien gainean, pintura lantzeko moduak ehotako oihal baten itxura eta ehundura ematen dio koadro bakoitzari. Bere aurreko lan askotan ez bezala, diptiko edo triptiko moduan osatuak haiek, pintura hauetako bakoitzak koadro bakarra osatzen du, tapizaren jatorrizko osaketa eta esanahia haustearren irudi txikiak estrategikoki txertatu zaizkiolarik. Beste irudi batzuek, komikietako testu-bunbuiloak eta Bunrakuko txotxongilo-buruak esaterako, areago eteten dute narratiba, eta aldi berean, umore-ukitu bat gehitzen diete berreraikitako eszena hauei. 80ko hamarkadako emakumezkoen irudien aldean, grisailan egindako paneletan agertzen diren emakumeak arlekinez edo antzeko pertsonaiez jantzita agertu ohi dira. Figura hauek probokazio sexual gutxiago dute, nahiz eta probokazio hori guztiz desagertu ez.
1993an Ekoizpen goiztiarreko pinturak (Early Product Paintings) sortu zituen Sallek. Margolan hauek Barre-algarak irteterakoan (Exit Laughing) izenekoak bezala, Estatu Batuetako James Rosenquist pop autorea dakarkigute gogora, edari alkoholikoen, etxetresna elektrikoen eta zigarroen iragarkiak nahasian agertzen baitzaizkigu. Garai bertsuan, Balletari buruzko pinturak (Ballet Paintings) egin zituen Sallek. Pintura hauen fondoak 50eko hamarkadako argazkietan oinarritzen dira, Parisko balletaren dantzari ospetsuenen entseguetan egindakoak, eta ordura artekoa baino pintzelkada lasaiagoa antzematen da bertan.
Salleren azken urteotako lanetan hartzak, barrualdeak, kristalak eta ispiluak agertzen dira batez ere. Aurreko urteetako lanekin alderatuta, koadro hauek kolore gehiago dute, eta argazkigintzan oinarritutako osagai gutxiago. Gainera, koadroetan txertatzen dituen panel asko ez dira angeluzuzenak edo obalak soilik, panel kurboak eta izar formakoak ere erabiltzen baititu. Artista gisa heltzean ere, bere irudiak garatu eta berrasmatzeko modu berriekin txunditzen jarraitzen du Sallek. Bere karrera osoan zehar estilo intuitibo aldakorra landu du, era askotako iturrietan oinarrituz. Azken batean, oso berezkoa eta hautematen erraza den estiloa sortu du Sallek.
Craig Houser
Alboko komisarioa
David Salle
Komedia (Comedy), 1995
Akrilikoa eta olio-pintura mihise gainean
243,8 x 365,8 cm
Solomon R. Guggenheim Museum, New York
International Director’s Council-en, Edward V. Shufro eta emaztearen, The Eli Broad Family Foundation-aren eta Rachel Lehmann-en diru-ekarpenari esker erosia